Euskara
Ekainaren 8an
'Martutene' Ramon Saizarbitoriaren eleberria irakurriko dute Klasikoen Irakurraldi Jarraituan
N. V. | EITB Media
Bilbo Zaharra euskaltegiak antolatzen duen irakurraldiaren 15. Edizioa ekainaren 8an egingo dute Arriaga antzokian, eta eitb.eus-en bidez jarraitu ahalko da.
-
Ramon Saizarbitoria idazlea, "Martutene" eleberriaren egilea
Klasikoen Irakurraldi Jarraituaren 15. edizioa egingo da ekainaren 8an, asteazkenarekin Arriaga antzokian, Bilbo Zaharra euskaltegiak antolatuta, eta 'Martutene' Ramon Saizarbitoriaren eleberria izango da aurten protagonista.
Ekimena 08:00etatik 14:00etara egingo da, eta azken bi edizioetan gertatu bezala, aurten ere oraindik formatu murriztua izango du, pandemiaren gorabeherak direla eta.
Idazle donostiarrak 2012an kaleratu zuen 'Martutene', eta bi bikoteren arteko harremanak ditu ardatz, atzerritar neska gazte bat tarteko. Klasiko moderno honek Euskadi Literatura Saria jaso zuen, eta, kritikari zenbaiten arabera, euskal literaturaren azken aroetako eleberri onena da.
Saizarbitoriak berak irakurriko ditu eleberriaren lehenengo lerroak Arriaga antzokian, 08:00etan, ekimenari hasiera emateko, eta ondoren beste 200 bat pertsonak hartuko dute parte etenik gabeko irakurketan.
eitb.eus-ek zuzenean eskainiko du ekitaldia, eta Arriagako plazan pantaila erraldoi bat jarriko da ere.
Aurreko urteetan, Axularren 'Gero', Mogelen 'Peru Abarka', Jon Miranderen 'Haur besoetakoa', Saizarbitoriaren 'Hamaika pauso', Arantxa Urretabizkaiaren 'Zergatik panpox', Bernardo Atxagaren 'Obabakoak', Gabriel Arestiren 'Harri eta herri', Sarrionandiaren 'Narrazioa Guztiak', Franz Kafkaren 'Metamorfosia', Itxaro Bordaren '%100 Basque', Txomin Agirreren 'Kresala', Anjel Lertxundiren 'Otto Pette', Mariasun Landaren 'Ipuinak' eta Bernat Etxepareren 'Linguae Vasconum Primitiae' irakurri dira ekimenean.