Itxi

Euskara

Euskaltzaindia

Miren Agur Meabe idazlea euskaltzain oso izateko proposatu dute

N. V. | EITB Media

Xabier Kintana emeritu izatera pasatuko da, 75 urte bete baititu, eta otsailaren 25ean egingo duten bileran jakingo da bizkaitar idazleak beteko duen haren tokia.   

  • Miren Agur Meabe, "Biba zuek" ETBko saioan

    Miren Agur Meabe, "Biba zuek" ETBko saioan

Euskaltzaindiak Miren Agur Meabe idazle bizkaitarraren izena aurkeztu du euskaltzain oso izateko hautagai, gaur egindako osoko bilkuran. Xabier Kintana euskaltzain emeritu izatera igaro zen 2021eko urrian, eta beraren tokia betetzeko hautagaia izango da bizkaitar idazlea.

Akademiaren arautegiaren arabera, otsailaren 25ean egingo den Osoko Bilkuran euskaltzain oso eta emerituen bozen nagusitasuna erdietsiz gero, euskaltzain oso berria aterako da hautagaia. 

Euskaltzain oso izateko proposamena gutxienez hiru euskaltzain osok izenpetu behar du.

Miren Agur Meabe (Lekeitio, 1962). Magisteritza eta Euskal Filologia ikasi, eta irakaskuntzan eta testuliburugintzan aritu zen hainbat urtetan. Gaur egun, helduentzat nahiz haur eta gazteentzat idazten du, bai prosa bai poesia, eta euskaltzain urgazlea da 2006tik.

Kritikaren saria jaso zuen 2001ean eta 2011n, Azalaren kodea eta Bitsa eskuetan poema-liburuengatik; eta Euskadi saria hiru aldiz erdietsi du, Itsaslabarreko etxea (2002), Urtebete itsasargian (2006) eta Errepidea (2011) gazte-nobelei esker. Mila magnolia-lore albuma 2012ko IBBYren Ohorezko Zerrendan ageri da, eta 2021ean Espainiako Poesia Saria irabazi zuen, Nola gorde errautsa kolkoan lanagatik. 

Literatur itzulpengintzan ere aritzen da. Besteak beste, Forough Farrokhzad poeta irandarraren eta Skolastique Mukasonga ruandarraren obrak ekarri ditu euskarara.