Itxi

Euskara

Euskaltzaindiaren Hiztegia

"Siroko", "altimetria" eta "xixtrin" hiztegiratu ditu Euskaltzaindiak

N. V. | EiTB Media

Euskaltzaindiaren Hiztegiak 600 forma berri jaso, eta 443 moldatu edo osatu ditu azken sei hilabeteetan.

  • Euskaltzaindiaren Hiztegia

    Urtean bitan eguneratzen dute Sarean Euskaltzaindiaren Hiztegia

Euskaltzaindiak 600 forma berri jaso ditu azken sei hilabeteotan bere Hiztegian, eta, urtean bitan egin ohi duenez, sareratu egin ditu dagoeneko.

Hain zuzen ere, azken sei hilabeteotan, 78 sarrera eta 522 azpisarrera sartu, eta 357 sarrera eta 86 azpisarrera moldatu ditu akademiak.

2020. urtean, guztira, 1.319 forma berri jaso ditu: 119 sarrera eta 1.200 azpisarrera, eta beste 1.090 sarrera eta azpisarrera moldatu edo osatu ditu.

Hitz berriak ez dira asko, eta espezializatuak dira gehienak: foliazio, iboi, haize motak (siroko, tramontana, ziertzo), orogenesi, altimetria, magmatismo

Adierazkorrak ere badira tartean: gaixto, pott, ttentte, ttipi-ttapa, xixtrin,…

Azpisarrerei dagokienez, hona hemen Euskaltzaindiaren Hiztegian gehitu diren adibide batzuk: parrandan, parranda egin, ur handi(eta)ko arrain (‘eskarmentu handiko pertsona’ eta ‘gizartean garrantzi edo eragin handikoa den pertsona’), urre(-)sagar (‘laranja’), zahagi egin (‘erabat mozkortu’), zaharrak berri, zereko zera, zirika egin, zirimolan, zuzenbide(a) egin (‘bakoitzari zuzenbidez dagokiona eman’)…

Gaur egun, 48.686 forma ditu Euskaltzaindiaren Hiztegiak (39.369 sarrera eta 9.317 azpisarrera) eta 67.312 adiera (horietatik 2.329 azpiadierak dira).