Itxi

Euskara

Euskaraldia

Hezkuntzako eragileek Euskaraldiarekin bat egitearen alde egingo dute

Agentziak | Erredakzioa

Guraso, hezitzaile eta 16 urtetik gorako ikasleak ‘ahobizi’ eta ‘belarriprest’ izatera bultzatuko dituzte.

  • Hezkuntza eragileak, Euskaraldiaren alde

Hezkuntza arloko eragileek Euskaraldiarekin bat egin eta atxikimendu dokumentua sinatu dute. Hezkuntza komunitateko kide diren herritarrak aktibatzea izango dute helburu, eta horregatik, guraso, hezitzaile eta 16 urtetik gorako ikasleak "ahobizi" edo "belarriprest" rolak har ditzaten animatuko dituzte.

Arrate Illaro Euskaraldiaren koordinatzailea, Elena Laka Euskaltzaleen Topaguneko presidentea, Bingen Zupiria Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika sailburua, Cristina Uriarte Jaurlaritzako Hezkuntza sailburua eta Beñat Arrabit Euskararen Erakunde Publikoko presidente eta Euskal Elkargoko Hizkuntza politikarako presidenteordea izan dira ekitaldian.

Hezkuntzako eragileei dagokienez, AICE-IZEA, Biga Bai Ipar Euskal Herriko eskola publiko elebidunetako guraso elkartea, COAS hezkuntza taldea, EHIGE Euskal Herriko Ikasleen Gurasoen Elkartea, Elizbarrutiko Ikastetxeak, Euzko Ikastola Batza, HEIZE Euskal Eskola Publikoaren Zuzendaritza Elkarteen Federazioa, Ikas Bi Ipar Euskal Herriko eskola publiko elebidunetako guraso elkartea, Ikastolen Elkartea, Ikaslan Euskadi, Kristau Eskola, NIZE Nafarroako D ereduko ikastetxe publikoen elkartea, Seaska Ipar Euskal Herriko Ikastolen Federazioa eta Sortzen elkartea egon dira ordezkatuta ekitaldian.

Arrate Illarok azaldu duenez, "Euskaraldia 16 urtetik gorako herritarrei zuzendua dago. Erabaki kontzientea da. Baina hezkuntza sarean ez dira soilik haur eta nerabeak batzen. Horregatik garrantzi handikoa da elkarlanean egiten ari garen lana".