Itxi

Euskara

Uztailak 1-8

Euskararen Astea egingo dute Leeuwarden, 2018 Europako Kultur Hiriburuan

eitb.eus

Frisiako hiriko Language Pavilion eraikinak hartuko du jarduera programa, uztailaren 1etik 8ra.

  • Language Pavilion espazioak hartuko du Euskararen Astea

    Language Pavilion espazioak hartuko du Euskararen Astea

Leeuwarden Frisiako hirian, euskararen inguruko astea egingo dute uztailaren 1etik 8ra bitartean, 2018ko Europako Kultur Hiriburua dela-eta antolatu duten jarduera programaren baitan.

Afuk frisiera eta frisiar kultura sustatzen dituen erakundearen, Euskaltzaleen Topagunearen eta Etxepare Euskal Institutuaren arteko elkarlanari esker, euskara izango da protagonista Language Pavilionen (Hizkuntzen Pabilioia). Egitasmoak “Europako hizkuntza txikien aniztasuna erakutsi, hizkuntza horien arteko harremanak estutu eta hizkuntza aniztasunaz kontzientzia hartzea” ditu helburu.

Language Pavilionera hurbiltzen direnek Europako hizkuntza txikiekin harremana izateko aukera izango dute, musika, antzerki, poesia, irakurketa, hitzaldi, aurkezpen eta bestelako kultur adierazpideen bidez. Martxoa eta urria bitartean, astero, Europako hizkuntza txiki ezberdin bat da protagonista.

Euskararen txanda uztaileko lehenbiziko astean izango da. Ahozko literatura, kantagintza tradizionala eta bertsolaritza izango ditu ardatz Euskararen Asteak, eta, besteak beste, hitzaldiak, tailerrak eta kontzertuak egingo dira Xabi Paya bertsolariaren eta Joxan Goikoetxea musikariaren eskutik.

Uztailaren 4an, Xabi Payak eta Joxan Goikoetxeak euskal kantagintza tradizionalean oinarritutako kontzertua eskainiko dute.

Ekitaldi nagusia uztailaren 5ean izango da, eta bi zati izango ditu. Lehenengo zatian Frisiako hainbat artistak bertako abestiak joko dituzte, eta bigarrenean, euskal artistek "Bost hitz" izeneko emanaldia eskainiko dute. "Euskal kulturara leiho bat zabalduko dute" emanaldian, horretarako historia eta bost hitz konkretuk izan duten bilakaera baliatuz (arbola, trena, gerra, emakumea eta hizkuntza). Hitz horien bidez, publikoak Euskal Herriaren bilakaera ulertzeko parada izango du.

Halaber, uztailaren 6an, Xabi Payak eta Joxan Goikoetxeak bost jarduera labur eskainiko dituzte, bertsolaritza, kantagintza tradizionala eta ahozko literaturari lotuak.

Euskararen Asteak uztailaren 8an izango du amaiera. Egun horretan Man irlako gaelerari emango dio lekukoa. Ondorengo asteetan, maltera, kornubiera, galegoa eta asturiarra ere pasako dira Language Pavilionetik, besteak beste.

  • Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
  • Euskaraz
  • Kultura