Itxi

Euskara

'Euskara ehuntzen' leloa

Euskaltzaindiak gizartearekiko konpromisoa berriztatu nahi du bere mendeurrenean

eitb.eus

Akademiak nazioarteko bederatzi kongresu antolatuko ditu 2018 eta 2019 bitartean, eta jarduera instituzional eta artistiko-kulturalak ere aurkeztuko ditu aurrerago.

Euskaltzaindiak bere mendeurreneko egitarauaren atal bat aurkeztu du, gaur, Bilboko egoitza nagusian, eta bere jardunaren helburu nagusia gizarteari begira jartzea izango dela azpimarratu dute bertan Akademiaren ordezkariek, “euskal gizartearen beharrizanei behar bezala erantzuteko”.

Guztira, Akademiak nazioarteko bederatzi kongresu antolatuko ditu 2018ko irailean hasi eta 2019ko iraila bitartean, “euskararen lurralde guztietan”.

Andres Urrutia pozik eta “hunkituta” azaldu da hedabideen aurrean, eta euskaltzainburuak esan du Euskaltzaindiak mendeurrena baliatu nahi duela “euskararekin, euskal kulturarekin eta euskal gizarte osoarekin duen konpromisoa berriztatzeko eta zangoa XXI. mendean behingoz jartzeko”.

Urrutiak onartu du badagoela zer egin, Akademiak badakiela zeintzuk diren bere on-gaitzak, baina, baita ere, ondotxo ezagutzen dituela bere betekizunak. “Euskaltzaindiaren zerbitzu-bokazioa aspaldikoa da, baina azkartu eta indartu egin behar dugu”, gaineratu du euskaltzainburuak.

Jarduera programa

Euskaltzaindiak ekitaldi instituzionalak, akademikoak eta artistiko-kulturalak antolatuko ditu mendeurrena ospatzeko, eta gaurko aurkezpenean arlo akademikoari heldu diote: guztira, nazioarteko bederatzi jardunaldi izango dira, 2018ko irailetik 2019ko irailera, Euskal Herri osoan.

Topaketotan, hamaika gai jorratuko dira: Euskararen batasunari Ipar Euskal Herritik egindako ekarpena, euskararen batasuna, hizkuntza eskubideak, ahoskera, dialektologia, literatura, onomastika, gramatika eta teknologia berriak.

“Euskara ehuntzen”

Halaber, erakundearen mendeurrenaren kariaz, Euskaltzaindiak logo berria aurkeztu du, betiko zuhaitzari itxura “irekiagoa eta dinamikoagoa” emanda, “etorkizunari begira jarri garen erakusgarri”, Sagrario Aleman Sustapen Batzordeko buruaren esanetan.

Gainera, “Euskara ehuntzen” leloa ere aurkeztu dute. Alemanen hitzetan, “Ez da hitz joko hutsa. Mendeurrenaren pisua azpimarratzen du, baina, aldi berean, bestelako ideiak ere iradokitzen ditu: hala nola, euskara zaintzen, ikertzen eta lantzen jarraitu behar duela euskararen Akademiak, euskalgintzarekin bat eginez”.