Itxi

Euskara

Tituluak

Jaurlaritzak euskara agiri guztiak europar baremoarekin parekatu ditu

Agentziak | Erredakzioa

Euskararen jakintza bermatzen duten titulu guztiak, HABEk eta Euskaltzaindiak emandakoak barne, B1, B2, C1 eta C2 mailei egokituko zaizkie.

  • -

    -

Eusko Jaurlaritzak dekretu bat onartu du, euskararen jakintza bermatzen duten titulu eta egiaztagiri guztiak Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Marko Bateratukoekin baliokidetzeko. Ondorioz, B1, B2, C1 eta C2 mailekin parekatuko dira guztiak.

Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politika sailburuak azaldu du gaur erabakia, Gobernu Kontseiluaren bileraren osteko prentsaurrekoan.

Euskararen ezagutza egiaztagiri eta titulu ia guztiak baliokidetuta zeuden aurretik ere, eta dekretu honen xedea HABEk (Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzerako Erakundea) ematen dituen tituluak eta Euskaltzaindiaren B titulua sartzea izan da nagusiki.

Horrela, titulu eta egiaztagiri guztiak Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Marko Bateratuarekin baliokidetu dira, zeinek eman dituen gorabehera: HABE, Euskaltzaindia, HAEE Herri Ardulararitzaren Euskal Erakundea, Osakidetza edo Hezkuntza Saila.

B1 mailarekin, titulu hauek parekatuko dira: Herri Ardulararitzaren Euskal Erakundeak (HAEE) ematen duen 1. hizkuntza eskakizuna, HABEren 1 eta B1 mailako egiaztagiria eta  Osakidetzaren 1. hizkuntza eskakizuna.

B2 maila titulu hauek dauzkatenek jasoko dute: Herri Ardulararitzaren Euskal Erakundeak (HAEE) ematen duen 2. Hizkuntza eskakizuna, HABEren 2 eta B2 mailako egiaztagiriak, Osakidetzaren 2. hizkuntza eskakizuna, Ertzaintzaren 1. hizkuntza eskakizuna eta Irakasleen 1. hizkuntza eskakizuna.

C1 europar maila egiaztagiri hauek emango dute: Herri Ardulararitzaren Euskal Erakundeak (HAEE) ematen duen 3. hizkuntza eskakizuna, HABEren 3 eta C1 mailako egiaztagiriak, Osakidetzaren 3. hizkuntza eskakizuna, Ertzaintzaren 2. hizkuntza eskakizuna, Irakasleen 2. hizkuntza eskakizuna, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren Euskararen Gaitasun Agiria (EGA) eta Euskaltzaindiaren D titulua.

C2, guztietan mailarik altuena, egiaztagiri hauen baliokidea izango da: Herri Ardulararitzaren Euskal Erakundeak (HAEE) ematen duen 4. hizkuntza eskakizuna, HABEren 4 eta C2 mailako egiaztagiriak, Osakidetzaren 4. hizkuntza eskakizuna eta Euskaltzaindiaren B titulua.