Euskara
2017-2022 akordioa
Jaurlaritzak 400.000 euro emango ditu Iparraldean euskara sustatzeko
EITB.EUS
Exekutiboak eta Euskararen Erakunde Publikoak bost urterako berritu dute euskararen aldeko lankidetza hitzarmena.
-
Zupiria eta Berge, besteak beste sinadura ekitaldian. Argazkia: Irekia
Ipar Euskal Herrian euskararen ezagutza eta erabilera bultzatzeko 400.000 euro bideratuko ditu Eusko Jaurlaritzak aurten, Euskararen Erakunde Publikoarekin sinatutako lankidetza hitzarmenaren baitan.
Bi erakundeek asteazkenean sinatu zuten 2017-2022 epealdirako hitzarmen-marko berria. Akordio honen bidez, bi erakunde hauen arteko lankidetza sakondu nahi dute, euskararen ezagutza, erabilera edota presentzia sustatzeko. Hitzarmenak jasotzen dituen oinarriez harago, konpromiso honen adierazle gisa, Jaurlaritzak diru-ekarpen bat egingo du euskararen aldeko eragile pribatuen lana babesteko; 400.000 eurokoa izango da aurten, iazko kopuru berdina.
Baionan izenpetu zuten, eta bertan izan ziren Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politika sailburua eta Mathieu Berge Euskararen Erakunde Publikoaren presidentea. Miren Dobaran Hizkuntza Politika sailburuordea eta Bernadette Soule Euskararen Erakunde Publikoaren zuzendaria ere egon ziren ekitaldian.
Duela 10 urte jaiotako akordio honek "elkarrekiko errespetua, konfiantza osoa eta lankidetzan jarraitzeko borondate finkoa" ditu oinarri, Zupiria sailburuak nabarmendu zuenez. Erronkei dagokienez, lau zehaztu dituzte bi aldeek: euskararen transmisioa, hizkuntzaren presentzia eta erabilera, hizkuntzaren kalitatea eta euskararen aldeko jarrera.
Hitzarmenean zehaztutakoaren arabera, bi aldeen arteko elkarlanerako eranskin bat izenpetuko dute urtero, eta dokumentu horretan, besteak beste, akordioaren helburuak lortzeko dauden baliabide ekonomikoak jasoko dituzte, eta lankidetzarako funts bat eratuko da. Bi aldeen diru-ekarpenak hartuko ditu funtsak, eta Euskararen Erakunde Publikoa izango da, nagusiki, horiek kudeatzeko arduraduna.
Eusko Jaurlaritzak 400.000 euro bideratuko ditu aurten euskararen aldeko ekimen pribatuak diruz laguntzera, iazko kopuru berdina. Euskal Hirigune Elkargoa berriki jaio denez (2017ko urtarrilean) eta horrek Euskararen Erakunde Publikoaren kudeaketan aldaketak ekarriko dituenez, oraindik ez dute erabaki Iparraldeko erakundeak zenbateko ekarpena egingo duen. Iaz, 1.330.000 euro jarri zituen. Beraz, hitzarmen-marko honi lotuta dagoen eranskinari esker, diru-kopuru garrantzitsua izango da euskararen aldeko elkarteak, proiektuak eta ekimenak laguntzeko.
Bi erakundeek lankidetza honen "balioa" goraipatu zuten ekitaldian.