Euskara
Hiztegi Fraseologikoa
Zelan demontre itzuliko dut 'estar a la orden del día'?
Natxo Velez | eitb.eus
Labayru Fundazioak 'Labayru Hiztegi Fraseologikoa' aurkeztu du gaur. Webgunean ere erabilgarri dagoen hiztegiak erdarazko esamoldeak euskarara ekartzeko bidea garbitzen du.
Itzultzaile batzuk, iaioak izanda ere, gogaldi txarreko jartzen dira, eginahalak egin eta gero itzulpen lan bat egiteko lain izan ez eta denbora alferrik galtzen dutelako. Ez dira gauza izaten esaldi eta esaeren euskarazko ordainarekin erdiz erdi igartzeko, eta sutan jartzen dira. Esaera batzuen ordainak -gaztelaniazko "estar a la orden del día"*, adibidez-, trabes gelditzen dira gogoan, eta unean uneko itzultzailea ez atzera ez aurrera gelditzen da.
Itzultzaile eta bestelako euskaldunen (irakasleak, ikasleak...) haserrealdi horiek baretzeko agian, Labayru Fundazioak Labayru Hiztegi Fraseologikoa aurkeztu du gaur Bilbon, BBK Aretoan. Erreminta horren bidez, gaztelaniazko esamoldeak euskarara ekarri nahi dituenak errazago izango du aurrerantzean.
Hiztegi fraseologikoak gaztelaniazko esaeren ordainak proposatzen ditu; gaztelaniazko hitz bat baino gehiagoko unitate lexiko horiek esanahi jakin bat hartzen dute, testuinguru jakinetan, eta zaila izaten da haien ordaina ematea. Duda-mudak egon litezke, berbarako, “tocar la fibra sensible” edo “ver las orejas al lobo” euskarara ekartzeko.
Hizkuntza baliabide hauek asko erabiltzen dira eguneroko hizkeran, eta adierazkortasun handia ematen diote mintzairari, baina hizkuntza batetik bestera asko aldatzen dira, hizkuntza batean eta bestean irudi ezberdina erabiltzen baita ideia bera adierazteko. Ezinezkoa da, hortaz, hitzez hitzeko itzulpenen bidez kidea ematea.
Labayruko lexikografo taldeak, Ziortza Egurenek zuzenduta, hitz bakoitza “zehatz-mehatz” aztertu du, eta dagokion sarreran aldaerak, esanahiak, hizkuntza testuinguruak, adibideak, estiloari eta gramatikari dagozkien zehaztapenak eta sinonimoak gehitu dituzte.
Proiektua ez dute oraindik bukatu, eta gaztelaniaz 3.000 sarrera baino gehiago daude dagoeneko, euskarara ekarrita. Apurka-apurka osatzen joango dira, eta bukatutakoan euskara-gaztelania bildumari ekingo diote.
Webgune berria
Halaber, fundazioak webgune berria estreinatu du. “Interaktiboagoa” da gaurtik aurrera pantailaratutakoa, eta bertan euskara-gaztelania hiztegia, gaztelania-euskara hiztegia eta hiztegi fraseologiko berria sartu dituzte.
*"estar a la orden del día" esaerarako, ordain hauek ematen ditu Labayruren hiztegiak: modan egon , gaurko-gaurkoa izan, hitzetik hortzera entzun, hitzetik hortzera esan, merke egon (fig.) merke ibili (fig.)