Itxi

Durangoko Azoka

Durangoko Azoka

Durangoko Azoka

59. edizioa bukatu da

"Bizi eta ederra" izan da Durangoko Azoka

N. V. | EITB Media

"Kulturazaleek lau egunotan agertu duten nahia" praktikara eramateko egiturazko espazio gehiago izatera, euskal kulturgintzak "ohiko hartzaile gehiago" izango lituzkeela adierazi dute antolatzaileek.

02:20

Bukatu da Durangoko Azokaren 59. edizioa, Azoka "bizi eta ederra", antolatzaileen esanetan. Jendearen babesa handia izan dela azaldu dute Gerediaga Elkartetik.

Horren ildotik, Durangoko Azokaren arduradunen ustez, "egunotan izan dugun bisitarien joan-etorriak erakutsi digu kulturazaleak dagokien ardura hartzeko prest daudela. Horrek guztiak pentsatzera garamatza, kulturazaleek agertu duten nahia praktikara eramateko egiturazko espazioak ugarituko bagenitu, euskal kulturgintzak ohiko hartzaile gehiago izango lukeela urte osoan zehar. Erronka hori daukagu Durangoko Azoka aurrera ateratzen dugun kultur eragile, herri erakunde, komunikabide, sortzaile eta kulturazaleok", dio Azoka bukaerako oharrak.

Azoka jendetsua izan da, batik bat ostiraleko jardunaldia, eta Landakon, noski, baina Azokaren gainerako espazioetan ere, etengabea izan da joan-etorria lau egunetan.

Antolatzaileek "eskerrak" eman dizkiete bisitariei, momentu askotan, aforoa beteta zegoela eta, ilarak egin behar izan dituzte eta: "Jakitun gara kulturazale askorentzat ez dela bisita erosoa izan, eta erakutsitako jarreragatik eskerrak eman behar ditugu. Hurrengo edizioetan irtenbideak aurkitzen saiatuko gara".

Datorren urtean, 2025ean, abenduaren 5etik 8ra ospatuko da Durangoko Azoka.