Durangoko Azoka
Zazpigarren deialdia
"Harien isla" Irati Bazetaren proiektuak jaso du Durangoko Azokaren Sormen Beka
Natxo Velez (Durango) | EITB Media
10-12 margolanez sortutako instalazio bat prestatuko du abadiñar ilustratzaileak, eta datorren urteko Durangoko Azokan aurkeztuko du emaitza, Arte eta Historia Museoan. 15.000 euroko ekarpena jaso du horretarako.
-
Bazeta, epaimahaikideek eta Durangoko Azokako eta Udaleko ordezkariek inguratuta.
Irati Bazeta abadiñar margolariak jaso du Sormen Beka DA Durangoko Azokak eta Durangoko Udalak esleitzen duten laguntza, horren zazpigarren edizioan. "Euskara Jendea" gaitzat hartuta, esku-hartze artistiko bat aurkeztu behar zuten bekadungaiek, eta epaimahaiak "Harien isla" Bazetaren proiektua aukeratu du 15.000 euroko dirulaguntzaren hartzekodun egokitzat.
Urtebete du orain Bazetak datorren urtean, Durangoko Azokaren 60. edizioan, aurkeztuko duen lana burutzeko. 10-12 margolanez osatutako lana izango da "Harien isla", eta hariak "proiektuaren parte izango dira". Zirriborroak egiten hasi da artista, planifikazio fasean, eta jendearen parte-hartzea bilatuko du, "sortzeko unean zein sortutakoan, hausnarketara bultzatzeko unean".
Lanaren abiapuntua egileak euskararen inguruan azkenaldian darabiltzan hainbat galdera izango dira: "Nora doa Euskara Jendea? Zer dakar Euskara Jendea izateak? Ba al dugu Euskara Jendea garenaren kontzientziarik? Euskaraz bizi edo euskarara heltzeko denok baliabide berak al ditugu? Zein egoeratan sentitu dugu hizkuntza estresa?". Erantzunak ematea baino gehiago, hausnarketarako akuilu izatea du helburu lanak, egileak berak gaur Durangon azaldu duenez.
Bazetaren lana aukeratu duen epaimahaia hauek osatu dute: Garazi Arrizabalaga Durangoko Museoko zuzendaria, Ismael Manterola EHUko Arte Ederren Fakultateko dekanoa, Oskia Ugarte Uharte Arte Garaikideko Zentroaren zuzendaria, Marina Suarez eta Maite Mugerza artista eta Tripa kolektiboko kideak eta If Matxikote Zapart Euskal Artisten Sareko kidea. Lanaren "argitasuna", erakusteko erabiliko den espaziora egokitzeko gaitasun handia duela eta artistari bere lehenengo erakusketa egiteko aukera emango diola azpimarratu dute.
Datorren urtera arte, Durangoko Azokaren 60. ediziora arte, itxaron beharko dugu emaitza ikusteko. Sormen Beka DA laguntzaren zazpigarren edizioa izan da aurtengoa. Aurreko irabazleak Atopia rol jokoa, Kai Nakai abeslaria, Bañolet ikus-entzunezko lana, Barraka bideojokoa, Eukalyptus antzezlana eta Argizagi. Zubiak adiskidetasunentzat telesaila izan dira.