Itxi

Durangoko Azoka

Durangoko Azoka

Durangoko Azoka

59. edizioa

933 nobedade eta 200 ekitaldi, Durangoko Azokaren 59. edizioan

N. V. | EITB Media

Sorkarien hartzaileen egitekoa azpimarratu dute antolatzaileek, Azokaren ateetan: "Ezinbestekoak dira kultur sistema osasuntsu baterako". 274 erakusmahai ipiniko dituzte aurten Landakon.

0:26
Beñat Gaztelurrutia. EITB Mediaren bideo batetik ateratako irudia.

Bi aste falta dira Durangoko Azoka hasteko. Abenduaren 5etik 8ra, sortzailez, bitartekariz eta publikoz beteko dira Landako eta gainerako espazioak, kulturaren emailez eta hartzailez, "Hartzea ematea DA" lelopean.

Gaur aurkeztu dute Azokaren antolatzaileek egitaraua, eta aurreratu dute abenduaren 5etik 8ra 153 erakusketarik 933 nobedade (639 liburu eta 216 musika argitalpen tartean) aurkeztuko dituztela guztira 274 erakusmahaitan, eta 200 ekitaldi izango direla euskal kulturaren plaza handienean.

Durangoko Azokako guneak 10:30etik 20:00etara egongo dira zabalik, eta azken egunean, igandean, 18:00etan itxiko dituzte ateak.

Antolatzaileek programazioko hainbat ekitaldi aletu dituzte gaur San Agustin kulturgunean egindako aurkezpenean. Talaia ekitaldien gunean, berbarako, Euskadi Literatura saridunekin solasaldia egingo da, 2025eko Euskaraldiaren abestia aurkeztuko dute eta EITBrekin lankidetzan sortu den BaDAbil bideopodcastaren azken saioa grabatuko da, jendaurrean.

Museoak Nestor Basterretxeari buruzko erakusketa paratuko du, Ahotsenean 50 liburu eta 34 musika lan aurkeztuko dituzte egileek, Irudienean ikus-entzunezko 40 lan emango dituzte, tartean Irabazi Arte telesailaren denboraldi berriaren aurkezpena, Kabian AppaHi! hitanoa bultzatzeko aplikazioa aurkeztu eta Adimen Artifizialari buruzko eztabaida egingo dute eta Saguganbara haurren espazioan gorren komunitatearen ohitura eta kultura ezagutzeko liburua aurkeztuko dute.

Szenatokian, arte eszenikoen gunean, hamar konpainiak pieza laburrak eskainiko dituzte: drama, dantza eta bakarrizketak.

Abenduaren 5ean, ohi bezala, Ikasle Goizarekin izango da Durangoko Azokan, baina bisitari guztientzat egongo da zabalik Landako. Abenduaren 6an, berriz, Gazte Eztanda ospatuko dute: gazteei zuzenduriko hainbat ekintza egongo dira, baita kontzertua ere, Landako plazan jarriko duten karpan.

ETBk Hartzea ematea DA magazinea emango du egunero, eta EITBk jarraipen zabala egingo dio Durangoko Azokari bere leiho guztietan.

Beñat Gaztelurrutia Durangoko Azokaren koordinatzaileak esan duenez, "aurten, dei berezia egin gura diegu zaleei, kultur sistema osasuntsu baterako ezinbestekoak direlako".

Durangoko Azokaren aurrekontuari dagokionez, 735.000 eurokoa dela azaldu du Gaztelurrutiak. Diru horren % 57 erakunde publikoek jartzen dute, % 25 Gerediaga Elkartearen baliabide propioak dira (salmahaien alokairua gehienbat) eta % 18 babesle pribatuen ekarpena da.