Itxi

Durangoko Azoka

Durangoko Azoka

Durangoko Azoka

58. edizioa

Hasi da fantasia

Natxo Velez (Durango) | EITB MEDIA

Abian da Durangoko Azokaren 58. edizioa. 10:30ean Landako guneko ateak ireki, eta kanpoan zain zegoen jendea samaldaka sartu da, irriz eta irrikaz.

0:38

Sormenak sorginduta dago Landako dagoeneko. Porlana sorkariz jantzi da, Durangoko Azokaren 58. edizioaren kariaz, eta ikusi dugu fantasiazko mundu honetan disko-liburuek lerroburuak merezi dituztela, kultura ez dela (soilik) kontsumitzen, poesia bildumak, komikiak eta haur literaturako lanak ez direla halabeharrez narratibaren itzalpean gelditzen, jatorrizko euskal lanek eta itzulitakoek ondo hartzen dutela elkar eta zinemako karteldegietan euskarazko lanak ageri direla dirdaika, fantasian irudimenak besterik ez baitu agintzen.

Errealitatearen eta fantasiaren arteko ateak iragarritako orduan, 10:30ean, ireki dituztenerako, kulturzaleak zain zauden atarian, eta trumilka sartu dira, 257 erakusmahaitan apailatutako 950 nobedadeekin kultur gosea goizean goizetik berdintzera.

Guztira, 689 liburu, 179 disko edo musika produktu, 44 aldizkari, eta bestelako 40 ekoizpen daude Kulturaren Plazan. Gainera, Ahotseneak, Saguganbarak, Kabi@-k, Talaiak, Irudieneak, Szenatokiak eta Durangoko Museoak ere egitarau zabala prestatu dute egunotarako.

Lehenengo egun honetan, Ahotsenea kanpoan ere ilarak sortu dira, Nøgen donostiar taldeak eman duen kontzertu goiztiarraren (11:00) atarian. 'Åben Cirkel' diskoa aurkeztu dute, popa eta folka uztartzen egindako ibilbideko hirugarrena.

Nork bere fantasiak elikatzeko bazka egun osoan egon da, baina, eta jendetza handia ibili da hara-hona, bazkalorduko menia albo batera utzita. Galtzak bete lan ibili dira, horrenbestez, sinadurak partitu eta partitu, besteak beste, Karmele Jaio, IZARO, Patxi Zubizarreta, Kai Nakai, bulegotarrak, ZETAK… Eta ikusle faltarik ere ez da izan "Gure Zirkua heldu da" dokumentalaren aurrestreinaldian,"Paradisuaren kanpoko aldeak" Bernardo Atxagaren liburuaren aurkezpenean eta euskarazko testuak hitz bihurtzen dituen luparen aurkezpenean esaterako, eguneko ekitadi batzuk aipatzearren.   

Fantasiak mundu errealarekiko talkan du zinezko balioa, baina, eta balioko dute Landakoko ateez honaindiko fantasiazko mundu honek eta berorrek gordetzen duen orok gu geu elikatzeko eta geure benetako ingurua hobeto ulertzen laguntzeko, fantasiak fantasia, aurrera jarraitze aldera.