Durangoko Azoka
58. edizioa
Aniztasunak, gaztetasunak eta fantasiak mamituko dute 265 ekitaldi eta 950 nobedade dakartzan Durangoko Azoka
EITB MEDIA
Bogan dauden joerak izango ditu 58. edizioak, abenduaren 6tik 10era. 257 erakusmahaitan banatuta, 689 liburu eta 179 disko edo musika produktu aurkeztuko dituzte, eta egitarauak haur, gazte zein helduentzako denetariko jarduerak jasoko ditu.
"Durangoko Azoka fantasia hutsa da, sormenaren eztanda magikoa, euskal kulturaren jai ikaragarria eta amets egiteko espazio bizia". Horrela definitu dute 58. edizioa Durangoko Azokaren antolatzaileek gaur egindako aurkezpen ekitaldian. Hain zuzen ere, aurtengo edizioko egitaraua eman dute ezagutzera gaur, asteazkenarekin.
Hala, abenduaren 6tik 10era bitartean, egitarau "anitza, gaztea eta fantasiaz beterikoa" izango da, Beñat Gaztelurrutia Gerediagaren koordinatzaileak esan duen gisara.
Guztira, 265 ekitaldirekin gozatzeko aukera izango dute bertaratzen direnek. Bi ezaugarri garrantzitsu nabarmendu ditu Gaztelurrutiak: "anitza eta gaztea". "Anitza, askotariko estilo eta gaiak jasoko dituelako, eta gaztea, gazteek sortutako eta haientzako pentsatutako inoizko jarduera gehien egongo direlako", zehaztu du. Hain zuzen ere, haiei eskainiko zaie abenduaren 8ko eguna, Gazte Eztandaren bigarren edizioarekin.
Landako barruan, liburu, disko eta abarren eskaintza aberatsa egongo da eskura. 257 erakusmahaitan banatuta, 170 partaide izango dira. Horietatik zenbait autoekoizleen stand berezian. Aurtengo uztari dagokionez, 950 nobedade erakutsiko dira: 689 liburu, 179 disko edo musika produktu, 44 aldizkari, eta bestelako 40 ekoizpen ere bai. Berrikuntza lez, marrazkilarien lana zuzenean erakutsiko da pantailen bidez.
Egitaraua, guneka banatuta
-Talaia: Landakon bertan kokatzen den gune honetan 48 ekitaldi antolatuko dira, abenduaren 8an, 9an eta 10ean. Irulegiko eskuaren inguruko liburu bat aurkeztuko du Aranzadik; Joxe Azurmendiren pentsamenduari buruzko mahai-ingurua antolatuko du Jakinek; Joseba Sarrionandiak Markos Gimenoren 101 Letrakartel izeneko lana
azalduko du; Euskadi Literatura saridun guztiak egongo dira bi solasalditan banatuta…
-Durangoko Museoa: Ximon Agirre kartel egileak solasaldia eskainiko du Euskal Irudigileen Elkarteak antolatuta. Suargi elkarteak "Meridiano moreak, Emakume
zinemagileak, desgaitasuna eta zaintzak" izeneko nazioarteko topaketa antolatuko du; Estibaliz Urresola, Itziar Ituño eta Ainhoa Olaso gazte durangarra izango dira euskal ordezkariak. Erakusketa berezi bat ere ikusgai egongo da azoka egunetan: Agustin Ibarrolaren Papera ardatz izeneko bilduma. Ibarrola hil osteko lehen erakusketa izango da Durangokoa eta azken urteetan egindako lanak ikusi ahal izango dira.
Durangoko Azokaren aurtengo kartela
-Ahotsenea: 2023an argitaratutako 70 liburu eta 50 disko berriren aurkezpenak bilduko ditu. Egitarau anitza izango da, moldeei eta belaunaldiei dagokienez. Platerueneko zuzenekoetan elektronika, folka, popa, hardcorea, indiea eta rock doinuak plazaratuko dira. Musikarien artean, Nogen, Toc, Amorante, Eire, Ibil Bedi, Txopet, eta Muare, adibidez. Musika eskolako solsaldietan, eleberriak, poesia, antzerki-bildumak, saiakerak eta album ilustratuak aurkeztuko dituzte. Idazleen artean, Harkaitz Cano, Lide Hernando, Miren Agur Meabe, Goiatz Labandibar, Iñigo Martinez, Mari Luz Esteban eta Uxue Alberdi, besteak beste.
-Irudienea: 30 emanalditik gora izango dira Zugaza zineman. Filmak, dokumentalak, animazioa, podcast emanaldiak, websailak, bideoklipak, laburmetraiak, Kimuak katalogoko lanak… Urtero bezala, eguerdiro, umeentzako programa egongo da. Lan zehatzei dagokienez, Izaroren bideoklip estreinaldia, Gure Zirkuaren dokumentala, Bidasoa dokumentalaren solasaldia eta Habana Glass film laburra aipatu daitezke, adibidez.
-Kabia: Eremu digitalean sortzen diren egitasmoak ezagutzeko eta horiekin esperimentatzeko plaza da Kabia. Abenduaren 6rako eta 7rako prestaturiko egitaraua,
aniztasunaren adibide izango da: adimen artifiziala, software librea, digitalizazioaren inguruko hausnarketa kritikoak, euskararen erabilera indartzeko tresnak…
-Saguganbara: Aurten ere haurrei eta familiei begirako aurkezpenak eta ikuskizunak antolatuko dira bost egunez, eta ekintzarik egongo ez den tarteetan, irakurketa librerako gune lasai eta atsegin bat izango da Saguganbara. Yolanda Arrieta eta Pello Añorgaren liburu aurkezpenak, ipuin kontalariak, Potx eta Lotx, Ene Kantak… fantasiaz beteriko egunak izango dira. Bestalde, aurtengo Sormen Bekaren irabazlea Saguganbaran ezagutzera emango da abenduaren 9an.
-Szenatokia: Magia berezia sortzen da aretoan, disziplina ugaritako sortzaileek parte hartzen dutelako. Eta, aurten ere horrela izango da. Antzerkia, dantza, bakarrizketak,
inprobisazioa… 10 konpainiak obren pieza laburrak taularatuko dituzte, bakoitza pase bitan. Nabarmentzekoa da abenduaren 8an iazko Sormen Bekaren emaitza aurkeztuko
duela Jon Ander Urrestik, Eucalyptus izeneko antzezlana. Beñat Urrutiarekin batera oholtzaratuko da, eta Matxalen de Pedro ere aritu da zuzendaritzan.
Beste zenbait ohar
Berritasun gehiago
Azaroaren 24an baDA!bil izeneko podkasta estreinatuko du Durangoko Azokak, EITBrekin elkarlanean. Bestalde, Azoka Telebistak Fantasia DA! izeneko magazina ekoitziko du egunero, eta hainbat kanaletan ikusi ahalko da: tokiko telebistetan, azokaren webgunean eta Youtuben.
Gaztelurrutiak gogoratu du aurten ez dela online salmentarik egongo, azoka presentzialaren aldeko apustua egingo dutelako.
Trafiko arazoak saiheste aldera, doako autobus zerbitzua martxan egongo da Iurretako autopista irteetako parkinetatik Landako inguruko Olleria kaleraino, 30 minuturo. Baina, abenduaren 10ean, domekaz, ez da erabilgarri egongo. Egun horretan, gainera, 18:00etan itxiko dira Landakoko ateak, gainerako egunetan baino ordu bi lehenago. Hala ere, guneetako egitarauak martxan jarraituko du iluntzera arte.