Durangoko Azoka
Bideojokoa
Martxan da "Barraka"
Natxo Velez | EITB Media (Durango)
Ibai Aizpuruak Durangoko Azokaren laugarren Sormen Bekaren emaitza aurkeztu du gaur Landakon: "Barraka" plastilinazko puzzle eta abentura bideojoko ordainpekoa.
-
Ibai Aizpurua "Barraka" bideojokoaren sortzailea
Durangoko Azokaren hirugarren egunean, 2021ean aurkeztu zuen egitasmoa errealitate bihurtuta aurkeztu du Landako gunean Ibai Aizpuruak: "Barraka" bideojokoa, Durangoko Azokaren laugarren Sormen Bekaren irabazlea.
Aizpuruak bere "ametsetako bideojokoa" garatu du urtebetez, Durangoko Azkoak eta udalerriko Udalak emandako 15.000 euroko dirulaguntza baliatuta, eta pertsona bakarrak jokatzeko joko "atsegin eta sinplea" aurkeztu du, "aukera paregabeagatik" eskerrak emanda.
Barraka sorgindu batzuetan sartzen den neskato bat da protagonista, eta bideojokoko irudiak plastilinaz eginda daude. Jokoa osorik burutzeko "bi ordu edo bi ordu eta erdi" behar dira, eta Aizpuruaren erronka joko "laburra, polita eta aberatsa" egitea izan da.
'Barraka'
Costruct programarekin ondutako jokoa ordenagailuan zein mugikorrean jokatzeko egokituta dago. Laster ("hurrengo egunetan, gehienez ere hemendik astebetera", Aizpuruak esan digunez) egongo da erabilgarri Play Store Androideko aplikazioak salerosteko dendan (App Storen ez da egongo) mugikor-tabletetan jokatu nahi dutenentzat. Ordenagailuan erabili nahi dutenek itch.io webgunera jo beharko dute.
Batzuek zein besteek ordaindu egin beharko dute, hiru bat euro Play Storen, eta 4 euro gutxienez (nahi beste ordaindu ahal da) itch.io-n.