Itxi

Durangoko Azoka

Durangoko Azoka

Durangoko Azoka

Sormen Beka

Eukaliptoak guri buruz esateko dituenak, Durangoko Azokaren Sormen Bekaren lan irabazlean

Natxo Velez | EITB Media (Durango)

"Eucalyptus" Jon Ander Urresti bermeotar aktorearen proiektua "antzerkitik eta dantzatik gertu" kokatuko den proposamen eszenikoa izango da 2023ko Durangoko Azokan.

  • Jon Ander Urresti (erdian, txekeari eusten), gaurko ekitaldian.

    Jon Ander Urresti (erdian, txekeari eusten), gaurko ekitaldian.

"Eucalyptus" Jon Ander Urresti bermeotar sortzailearen antzezlan laburrak irabazi du Durangoko Azokaren bosgarren Sormen Beka, Oier Guillan aktoreak, Leire Vargas idazleak, Jon Maya dantzariak, Arantza Arrazola Durangoko San Agustin Kulturguneko zuzendariak, Aurelie Pousset Hendaiako kultura programatzaileak eta Asun Elorriaga Gerediaga Elkarteko kideak osatu duten epaimahaiak hala erabakita.

Urrestirentzat izango dira, honenbestez, Durangoko Azokak eta Durangoko Udalak urtero proiektu bat hasietatik amaierara laguntzeko ematen duen 15.000 euroko dirulaguntza. Aurten, arte eszenikoei begiratu diete ekimen horretan, aurreko lau urteetan literaturari, musikari, ikus-entzunezkoei eta proiektu digitalei begiratu zieten bezala.

"Eukaliptoa aitzakia hartuta, gure lurren eta bizitzen kudeaketari buruz hausnartu nahi izan dut", azaldu du Urrestik esker onez, saria iragarri eta txekea emateko ekitaldian, "zalantzak sortu, hori baita artearen funtzioa". "'Ondo estalita' esan nahi du 'eukalipto' hitzak grezieraz, eta gure lurrak ondo estali ditu azken urteetan zuhaitz horrek, fisikoki eta gatazkez ari garela".

Jon Ander Urresti

Jon Ander Urresti

"Ez dugu hausnarketa egiteko aukera handirik izan, baina eukaliptoak ispilu bat jarri dio gure gizarteari", Urrestiren hitzetan. Espezializazioaren, erabaki errentagarrien sakralizazioaren eta dibertsitateari ateak itxi izanaren ajeak paratu dizkigu aurrez aurre, berbarako, sortzaileak ekitaldian azaldu duenez.

"Eukaliptoa ona da berez, egurra bera eta hostoen erabilera medikoa, adibidez. Baina badago lotura bat horren monokultiboaren eta totalitarismoaren artean. Kanpotik lanerako ekarri dugu australiar lagun hori, gure morroi jarri dugu lanean, eta gero gure miseriak leporatu", Urrestiren iritziz.

"Antzerkiaren konkrezioa eta dantzaren abstrakzioa" uztartuko dituen lanaren emaitza 2023ko Durangoko Azokan ikusiko dugu, "prozesu bat garatzeko proposamena" besterik ez baita oraindik.

Jon Ander Urresti (Bermeo, 1992) Dantzerti Arte Eszenikoen Goi Mailako Eskolan graduatua da, eta Horman Poster kolektiboko kidea. "Hondamendia" Artedramak eta Axutek ekoitzitako antzezlanean buru-belarri ari da aktore lanetan.