Durangoko Azoka
Elkarrizketa
Itziar Diez de Ultzurrun: "Itzulpenean, alderdi estetikoa eta edukia uztartzen ahalegindu naiz"
Natxo Velez | EITB Media
Itziar Diez de Ultzurrunek euskarara ekarri du Kae Tempest musikari eta idazlearen "Brand new ancients" poema epikoa. Igela argitaletxeak edizio elebidunean argitaratu du, Mintaka sailaren barruan.
-
Diez de Ultzurrun.
Kae Tempest idazle eta musikariaren (Londres, 1985) lana, Antzinako berri-berriak "ozen irakurtzeko poema" kasu honetan, euskaraz dugu dagoeneko. Itziar Diez de Ultzurrunen itzulpenari esker, Igela argitaletxeak edizio elebidunean, ingelesez eta euskaraz, argitaratu ditu Londreseko auzo gris azpiratuetan dir-dir egiten duten jainko-jainkosen (langileak, ikasleak, gurasoak, seme-alabak…) mirariak, egunerokoak izanagatik kontatzea eta irakurtzea zein entzutea merezi dutenak.
Bazter auzoetako giroa, taupada, hitzez jaso eta erritmo biziz testuratzen du Tempestek Antzinako berri-berriaken; ardatza zein den argi gelditzen zaigu, bide batez, "hegikotzat" aurkezten zaigunari begiratuta soilik. Literaturaren bernizaz edertu eta anplifikatzen ditu grisak estali ohi duen subjektu kolektibo horren argiak. Menderatuen gizatasun hunkigarria ulertuta, eta sentikortasunez atzitu eta goretsita agertzen da orriotan; goretsiegi apika zenbaitentzat, testu bertutetsuari epikaren aje nabarmenena, zurruntasuna eta idealizazioa, baitario zenbaitetan.
Itziar Diez de Ultzurrun itzultzailearekin hitz egin dugu.
Nola iritsi zitzaizun Antzinako berri-berriak eta zerk bereganatu zuen zure arreta?
Lander Majuelo Igelako editorearen bidez: Kae Tempesten hiru lan eskuratu zizkidan, olerki luzeak denak ere, eta haietako bat itzultzeko proposatu zidan. Majuelori Brand New Ancients iruditzen zitzaion euskaratzeko aproposena, eta, hortaz, hura irakurri nuen lehenik, hasi eta buka irakurri ere. Ikaragarri gustatu zitzaidan, azalez eta mamiz, eta, baikortasun ausart batek jota, baietz esan nion.
Hainbat kontuk bereganatu zuten nire arreta: poemaren jariotasunak, Tempestek errimak josteko erakusten duen erraztasunak, antzinako olerki epikoen oihartzunak, kontakizunaren erritmo aldaketek, protagonistak langile klaseko jendea izateak eta Tempestek haien eguneroko erronka eta lehia txikietan jainkotasuna ikusteak, jende xumearen bizitzen duintasunari egiten dion gorazarreak, narratzailearen begirada ulerberak, doilorkeriak ulertzeko eta testuinguruan paratzeko gaitasunak, irabazle eta galtzaileen diskurtso aizunaren salaketak...
Kae Tempestek obra oparo samarra du honezkero. Egiten du itzultzaileak itzulgai duen idazlearen unibertsoan murgiltzeko ariketarik?
Bai, sortzaile joria da, eta, zuk esan bezala, zenbait arlo artistikotan ibilitakoa da. Garai batean uste nuen literaturako zernahi testu itzuli aurretik egilea sakon-sakon ezagutu beharra zegoela, hots, egilea bera, haren gainerako lanak, eta egileaz eta haren lanez idatzitako guztia irakurri beharra zegoela taxuzko itzulpena egin nahi izanez gero.
Orain malgutu egin dut iritzi hori. Batetik, uste dut itzulgaia ahalik eta sakonen eta zorrotzen ulertzen ahalegindu behar dugula eta horretarako hagitz baliagarria dela idazlearen unibertsoan hein batean bederen murgiltzea. Hein batean diot zeren, itzuli beharreko idazlea arras oparoa izan bada eta hari buruz hamaika liburu eta ehunka azterlan idatzi badira, bada gehienetan ezinezkoa baita den-dena irakurtzea, kontuan hartu behar baitugu itzulpena bukatzeko epe jakin bat izaten dugula eta itzultzeaz gain eguneroko beste kontuez, itzulpen lanez eta zaintza-lanez arduratu behar dugula.
Horrenbestez, orain ez nau kontu horrek garai batean bezainbeste larritzen. Saiatzen naiz egilea eta haren lana ezagutzen, baina neure buruari aitortuz ez dudala hari buruzko tesi bat idazteko adina ikasiko eta, halere, itzulpen egoki bat apailatzeko gauza izanen naizela, edo asmo hori izanen dudala bederen.
Nolakoa izan da zure kasuan hurbiltze ariketa hori?
Kasu jakin honetan, ez nuen Tempest ezagutzen, haren aditzea ere ez nuen ia, eta, itzultzen hasi aurretik, hari buruz gehiago jakitea erabaki nuen, jakina. Gero, "dokumentazio" lan horren ondotik eta, itzultzen jardun bitartean, noizbehinka, haren lanak entzuten nituen, itzulpena girotzeko-edo, eta lagungarria izan zaidala iruditzen zait.
Bestetik, Interneten bada Brand New Ancientsekin sortu zuen ikuskizunaren audio bat, irudirik gabea, eta makina bat aldiz paratu dut: Tempest olerkia errezitatzen entzutea obsesio txiki bat bihurtu zitzaidan lehen zirriborroa bukatu eta itzulpena orrazten hasi nintzenean, baina ez zait iruditzen lanari kalterik egin dionik, edo hala espero dut, behinik-behin.
Itzulpen lanak malgutasuna eskatzen du definizioz. Jatorrizkotik zenbat urruntzeko tartea onartu diozu zeure buruari? Zerk behartuta urrundu zara testutik, hala egin behar izan duzunetan?
Uste dut beti saiatzen naizela euskaraz egoki eta harri koxkorrik gabe irakurtzeko moduko testu bat moldatzen eta horrek eskatu bezainbeste urruntzen. Tempesten olerkia itzuli aurretik, bi erabaki hartu nituen: poema-moldean emanen nuela eta ez nuela testua muga formal horien mesedetan sobera bihurrituko. Halere, muga formal batzuen barnean itzultzen saiatu naiz, eta muga horiek berek batzuetan jatorrizkotik urruntzera behartu naute, baina, aldi berean, askatasun tarte bat zilegitu didate, ezin-eta bertso oro hitzez hitz eman.
Badirudi poesia itzultzean bi aukera baizik ez ditugula: jatorrizko poemaren edukia hitzez hitz ematea, itzulpena muga formalik gabe ematea, ala olerkigintzaren alderdi estetikoa lehenestea, eta edertasun formal horren mesedetan apailatzea eta itzulpena are "iluntzea". Nik erdibide baten alde egin dut: alderdi estetikoa eta edukia uztartzen ahalegindu naiz.
Hoskidetasuna bilatu duzu, baina –esan gabe doa– ingeleseko testukoari oinez oin jarraitu gabe. Nola landu duzu hoskidetasuna eta errima itzulpenean?
Errimak erabiltzen eta poemaren kadentziari eusten ahalegindu naiz, baina edukia bortxatu gabe, une oro saiatu bainaiz jatorrizko testuaren edukia modu ulergarrian euskaratzen, hizkera argi horretan ere datzalako, nire ustez, poemaren edertasunaren parte bat.
Egia esan, ez dakit ongi nola landu dudan, uste dut orekari baten moduan ibili naizela, eta horretarako hagitz baliagarria izan zaidala itzulpena ozen irakurtzea, errima ezinezkorik egiten ez saiatzea eta ezagutzen ditudan hizkuntza-baliabide guztiak erabiltzeko baimena ematea neure buruari.
Erritmoa da, formaren aldetik, testuaren ezaugarri nagusietakoa. Zer oztopo izan dituzu edo zer baliabide erabili dituzu behetik gora datorren eta lauhazka bukatzen den ingelesezko jario hori euskarara ekartzeko?
Jarioari eusteko, testuaren arintasunari eta abiadurari eusten saiatu naiz, eta horretarako "oztopo" nagusia izan da ingelesez oro har euskaraz baino luzera laburragoko bertsoak apailatzen ahal direla eduki bera emateko. Zailtasunetako bat, beraz, hori izan da, nola laburtu sobera luzeak ziren bertsoak erritmoa ez trabatzeko, baina edukia gordez, ulergarritasuna zainduz eta, bideragarria iruditu zaidanean, errimaz baliatuz.
"Poema hau ozen irakurtzeko idatzi zen" oharrak irekitzen du testua. Zer ezaugarri ezarri dizkio ahozkotasun horrek obrari? Zenbat aldiz irakurri duzu poema ahoz gora?
Ahozkotasun horrek aipatu ildo beretik eraman du itzulpena: arin irakurtzeko moduko testua sortu beharra zegoen, eta, horretarako, euskararen joskeraren malgutasuna baliatu dut, baita gure lexiko aberatsa ere.
Ez dakit zehazki zenbat aldiz irakurri dudan ozen testua osorik, baina behin baino gehiagotan bai, hori seguru; eta atal jakin batzuk, berriz, askotan. Tempesten errezitaldia entzutea ere oso lagungarria izan zait: hark, olerkia errezitatu ahala, nahieran erabiltzen dituelako tempoak eta bere ahotsaren indarra erritmoak aldatzeko, pasarte batzuen dramatikotasuna areagotzeko, hoskidetasunak nabarmentzeko... antzezpen lan ikaragarria egiten du.
Kae Tempest
Itzulpengintza bitxi asko ekartzen ari da euskarazko panoramara azkenaldian. Nola ikusten duzu euskarazko literatura itzulpengintzaren osasuna?
Literatura-itzulpengitza, batetik, sasoi on-onean dago: arras ongi prestaturiko itzultzaileak ditugu, eta haietako asko daude itzulpen lanei heltzeko gogoz. Nabarmendu nahi nuke, orobat, itzulpenak lantzeko hizkuntza-baliabide ugari ditugula, eta, gainera, itzultzaileon artean elkartasun handia dagoela eta oso eskuzabalak garela, elkarri laguntzeko prest gaude-eta. Uste dut gure itzulpenen kalitatean igartzen dela hori.
Horrez gain, genero ezberdinetako lanak euskaratzeko interesa duten argitaletxeak ere baditugu, eta batzuk ahalegin eskerga egiten ari dira arlo horretan. Azpimarratzekoa da, halaber, dagoeneko euskarara ekarritako lanek sekulako ondarea osatzen dutela. Ondare hori, jakina, ez da nahi bezain handia, eta aurrerantzean ere etengabe ahalegindu beharko dugu hura zabaltzen eta anizten; baina, halere, autore interesgarri asko eta kalitate handiko lan ugari itzuli dira euskarara: oso lan ederrak ditugu, taxu eta trebezia handiz itzuliak. Azkenik, sasoi onaren erakusle ere bada gure lana aintzat hartzen dela, eta garai bateko aurrejuzkuek ez dutela lehen bezainbesteko indarrik.
Tamalez, ordea, bada oraindik ohartzen ez dena, edo ohartu nahi ez duena, literatura-itzulpenak (eta itzulpenak oro har) euskal kulturaren ekosistemari egiten dion ekarpen ezinbestekoaz. Itzulpenaren aldeko politika sendoagoak behar ditugu, euskarazko irakurzaletasuna bultzatzeko gakoa delako gure arloa. Lanean segitu beharra dago mundu osoko egile gailenen lanak euskaraz irakurtzeko ohitura zabaltzeko, eta horretarako, alderdi bat baino gehiago landu beharra dugu, baina, lehenik eta behin, egile horien lanak euskaraz behar ditugu.
Zer itzulpenek eman dizute arreta azkenaldian?
Azkenaldian, Irene Pujadasen Puskak irakurri dut, Igelak argitaratu eta Amaia Apalauzak zoragarri itzulitako ipuin-bilduma, baita Henry David Thoreauren Walden ere, Katakraken plazaratu eta Danele Sarriugartek bikain euskaraturiko saiakera.
Zer lanen bila joango zara Durangon, aukerarik izanez gero?
Durangon, besteak beste, Caterina Albert i Paradisen, luma-izenez Victor Catalaren, Atsoa eskuratu nahi dut, Txalapartak ekarria eta Sagastibeltzak itzulia; eta EIZIEren Literatura Unibertsala bildumako azkena: Sherwood Andersonen Winesburg, Ohio, Joannes Jauregik itzulia.