Itxi

Durangoko Azoka

Abenduaren 5ean

DA! Pro topaketa egingo du berriz Durangoko Azokak, sortzaileek lana teknikari eta programatzaileei erakusteko

N. V. | EITB Media

Abenduaren 5ean izango da ekimena Bizenta Mogel bibliotekan eta San Agustin Kulturgunean. Deialdia musikagintzako eta familia ikuskizunen eremuko sortzaileei bideratuta dago.

  • Da! Pro 2021

    Da! Pro 2021

Durangoko Azokak DA! Pro sortzaile eta programatzaileen arteko topagune profesionala antolatuko du laugarren urtez. Aurten, abenduaren 5ean izango da, Azoka hasi baino bi egun lehenago, Durangoko Bizenta Mogel bibliotekan eta San Agustin Kulturgunean.

Iaz bezala, bi arlo landuko ditu aurten ere DA! Prok: musika eta familia ikuskizunak. Abenduaren 5ean bertan izango dira bi topaketak 09:00etatik aurrera: musikariak San Agustin Kulturgunean bilduko dira, eta familia ikuskizunen egileak, Bizenta Mogel bibliotekan.

Bi kasuetan, sortzaileek programatzaile, teknikari eta bestelako profesionalen aurrean euren proiektua aurkezteko aukera izango dute 10-15 minutuz. Horrela, programatzaileek aukera izango dute sortzaileak eta euren kultur proposamenak bertatik bertara ezagutzeko. Aurkezpenak euskaraz izango dira.

Izena emateko epea irekita dago sortzaile eta profesionalentzat. Azaroaren 10era arteko epea izango dute, eta programatzaileen kasuan, azaroaren 30a arte luzatuko da.