Itxi

Durangoko Azoka

Durangoko Azoka

Durangoko Azoka

Balorazioa

Durangoko Azokak aurreikuspenak gainditu ditu

eitb.eus

27.758 produktu saldu dituzte online dendan, 7.800 erosketatan, eta erosle bakoitzak 53 euro gastatu ditu, batez beste.  Produktuak liburu dendetan erosi ahalko dira orain.

  • Durangoko Azoka

    Galtzak bete lan ibili dira Landako gunean altxatutako biltegian. Argazkia: Gerediaga Elkartea

Durangoko Azoka ezohikoaren bukaeraren biharamunean, Nerea Mujika eta Arantza Atutxa Gerediaga elkarteko presidente eta kudeatzailea “pozik eta eskertuta” agertu dira gaur, asteazkenarekin, Durangon egindako balorazio prentsaurrekoan: "Hasierako aurreikuspen guztiak bete eta gainditu ditugu. Hunkituta gaude kulturzaleen aldetik jaso dugun erantzunarekin, ikaragarria da jaso dugun taupada kolektiboa", esan dute.

Gerediagako arduradunek jakinarazi dutenez, abenduaren 4tik 8ra arte 7.800 erosketa egin dira Azokako webguneko online dendan. Guztira, 27.758 produktu erosi dira: 15.577 liburu, 7.036 musika-produktu eta bestelako 5.145 gai. Batez beste, erosle bakoitzak 53 euroko gastua egin du, eta 3’5 produktu erosi ditu.

Erosle gehienak Euskal Herrikoak izan badira ere, Herrialde Katalanetatik, Galiziatik eta Espainiar Estatuko beste lurralde batzuetatik ere iritsi dira eskaerak.

"Zaila izan da baldintza hauetan Azoka antolatzea, erronka handia izan guretzat, baina jasotako erantzunak erakutsi digu esfortzuak merezi izan duela", adierazi du Nerea Mujikak.

Salerosketez haraindi, 2.600 lagunek jarraitu dituzte bertatik bertara Durangon antolatutako 100 kultur ekitaldiak (solasaldiak, ipuinen aurkezpenak, mahai inguruak...) eta 3.200 lagun bertaratu dira "Zu non, han DA!" egitasmoaren baitan Euskal Herriko zortzi udalerritan 32 taldek egindako kontzertuetara.

Liburu dendak

Azoka bukatuta, gaurtik aurrera, Azokako produktuak Euskal Herriko 141 liburu dendatan eskuratu ahal izango dira: 13 Araban, 59 Bizkaian, 49 Gipuzkoan, 1 Lapurdin eta 19 Nafarroan.