Itxi

Durangoko Azoka

Durangoko Azoka

Durangoko Azoka

Musika

Iratxe Aguilera gasteiztarrak irabazi du Durangoko Azokaren bigarren Sormen Beka

N. V. | eitb,eus

"Euskal Herrian ere badugu zer esaterik musika urbanoaren inguruan!" proiektua aurkeztu du kantari gazteak aurten, bigarren deialdian, musika ardatz zuen beka irabazteko.

1:06
Iratxe Aguilera

Iratxe Aguilera 23 urteko gasteiztar musikariak irabazi du Durangoko Azokak sortzaile berriei eskaintzen dien Sormen Beka, "Euskal Herrian ere badugu zer esaterik musika urbanoaren inguruan!" proiektuari esker.

Joxan Goikoetxea eta Maite Arroitajauregi Mursego 15.000 euroko saria dakarren Sormen Bekar ebazteko epaimahaiko kideek azaldu dutenez, Aguilerak “modu orekatuan nahasten ditu rapa, reggaetoia, runbatoia, trapa eta beste hiri estilo batzuk. Ahots ona eta nahiko pertsonala du, eta nola berak hala David kideak talentua eta gaitasun musikala erakusten dute”, Goikoetxearen hitzetan.

Mursegok, bestalde, edukietan konpromiso soziala erakusten duela azpimarratu du, “batik bat bazterkeria sexistaren aurrean. Proiektuak hain hedatuta dagoen musika urbanoa hurbildu nahi du Euskal Herrira, baina emakumea aldarrikatuz. Genero horri atxikitzen zaizkion estereotipoei aurre egin nahi zaie, eta, euskaraz izanik, hizkuntza bera sustatuko du nerabe eta gazte jendearen artean”. 

Aguilerak eskerrak eman dizkie Gerediaga Elkarteari eta Durangoko Udalari, eta proiektua lantzen urtebete daramatela azaldu du. Edukiari buruz, Jon Maia bertsolariak egitasmoari jarritako hitz batzuk erabili ditu: “Gure proiektua euskararen periferian sortzen da. Garrantzitsua da periferiako euskal identitate berriak proiektatzea, euskaraz eta Euskal Herri osora. Halaber, garrantzitsua da euskaraz ia presentziarik ez duten kultur adierazpen berria gehitzea, horrelakoek heldulekuak sortzen eta hurrengo belaunaldiei erreferenteak eskaintzen laguntzen baitute”.

Ekitaldia amaitzeko, Chicjuarezek jarritako erritmoen gainean bere proiektuaren kantu bat eskaini du Aguilerak, eta “gure ametsa errealitate egingo dugu” aldarrikatu du.

Datorren urteko Durangoko Azokan jasoko dugu Sormen Beka honen uzta.