Itxi

Durangoko Azoka

Durangoko Azoka

Durangoko Azoka

'Agur, Etxebeste'

Etxebestetarrak, bueltan

Natxo Velez | eitb.eus (Durango)

Asier Altuna eta Telmo Esnal zinemagileek Durangoko Azokako EiTB Gunea bisitatu dute “Agur, Etxebeste” filmaren inguruko zertzelada batzuk emateko.

  • Telmo Esnal eta Asier Altuna zinemagileak, Durangoko Azokako EiTB Gunean.

    Telmo Esnal eta Asier Altuna zinemagileak, Durangoko Azokako EiTB Gunean.

Lan dezente dute oraindik aurretik, baina “pelikula eduki badaukagula” sinetsita agertu dira gaur, abenduak 8, Durangoko Azokan Asier Altuna eta Telmo Esnal zinemagileak, Agur, Etxebeste filmaren, Aupa Etxebeste! arrakastatsuaren segidaren, zuzendariak.

Altunak azaldu duenez, “mozketa prozesuan gaude, filmatze prozesuak utzitako sentsazio onez gozatzen, eta urtarrilerako amaituta izan nahiko genuke irudia. Pelikula txukuna egiteko asmoa dugu”.

Telmo Esnalek, bestalde, udaren osterako kokatu du estreinaren balizko data, “baina gauza horiek ez daude zuzendarion esku”, zehaztu du.

Filmak beste ataka batan jarriko du familia bitxi hau, hamalau urte geroago, eta, zuzendariek esan dutenez, “umoretik joko du nagusiki, baina une hunkigarriren bat ere izango du. Guk barre egiten dugu oraindik, lanean gaudela”, Altunaren hitzetan.

Ezinbestean (aurreko filma etxe baten barruan gertatzen zen nagusiki), film koloretsuago eta argitsuagoa izango da bigarren hau, eta, enkarguzko lana izanagatik (“lehenak arrakastatxoa izan zuen, eta ekoiztetxeak behin baino gehiagotan xaxatu gaitu bigarren zati egin dezagun”, aitortu du Altunak), oso gustura ari dira lanean: “Gozatzen ari gara, gidoia egiten hasi ginenetik etxebestetarren unibertsoan murgildu baikara erabat. Jendeari iritsi egingo zaio pelikula”, erantsi du.