Itxi

Durangoko Azoka

Durangoko Azoka

Durangoko Azoka

Inaugurazioa

Ateak irekita, ikasleek bete egin dute Durangoko Azoka

Eitb.eus

Urtero legez, ikasleak izan dira Durangoko Azokaren lehen eguneko protagonista nagusiak. Jendetza espero da datozen egunetarako.

12:11

Durangoko Azokaren 51. edizioak ireki ditu ateak jada. Bost egunez, hilaren 6a arte, kulturaren plazara joaten diren bisitariek 349 nobedade, 246 erakusleiho eta 200 kultur ekitaldi baino gehiago izango dituzte gozatzeko.

Urtero legez, lehendabiziko eguna ikasleena izan da. Hori dela eta, Durangoko Azokaren gune guztiak egitarau zabala eskaini diete Euskal Herri osoko ikastetxeetatik bertaratu diren ikasleei.

Antolatzaileek azaldu dutenez, "ikasle uholdea" izan da goizean goizetik eta laster bete dituzte erakusleiho guztiak. Robotikari edo komikiei eta literaturari lotutako tailerretan mila ikaslek baino gehiagok hartu dute parte eta Josu Bergararen kontzertuaz gozatzeko aukera ere izan dute.

Ateak 10:30etan zabaldu badituzte ere, inaugurazio-ekitaldi ofiziala, berriz, 19:00etan egin dute Landako Guneko Areto Nagusian. Bertan izan dira Nerea Mujika Gerediagako presidentea; Pantxoa Etchegoin EKEko zuzendaria; Aitziber Irigoras Durangoko alkatea; Lorea Bilbao Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara eta Kultura diputatua; eta Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburua.

Demode Quartet taldearen eta Julen Axiari eta Jordi Cassagneren ikuskizunek borobildu dute inaugurazioa.

Lehendabiziko egun honetan, ikasleak izan dira protagonista nagusiak eta hainbat aukera izan dituzte. Liburu baten iruzkina hobeto egiten ikasi dute Areto Nagusian; marrazki bizidunak nola egiten diren jakiteko animazioaren munduan murgiltzeko aukera izan dute Irudienean; Wikipediaren funtzionamendua ezagutu eta bertan editatzen ikasteko tailerrak izan dira Kabi@n; euskal kantagintza ezagutu dute Plateruenan; komiki tailerretan eta antzerki jolasetan parte hartzeko aukera izan dute Saguganbaran; eta gorputza ezagutzeko aukera, Szenatokian.

Bestalde, Gatibu taldeak Aske maitte, aske bizi disko berria aurkeztu du Ahotsenea Durangoko Azokaren baitako sortzaileen gunean. Halaber, musikari zein idazleen solasaldiak entzuteko aukera izan da gune horretan bertan.