Itxi

Durangoko Azoka

Durangoko Azoka

Durangoko Azoka

Ahotsenea

Berri Txarraken 'disko beltzak', hamar urte

Natxo Velez (eitb.eus) | Durango

Talde nafarra “Jaio. Musika.Hil” diskoaren berrargitalpena, binilozko edizioa, aurkezten ari da Durangoko Azokan. Gorka Urbizu kantari eta gitarristak solasaldi batean aletu du lana, Ahotsenean.

  • Julen Azpitarte eta Gorka Urbizu, gaurko solasaldian

    Julen Azpitarte eta Gorka Urbizu, gaurko solasaldian

Denboraren -bai, poligrafo bakar hori- joana gupidagabea da, eta datu hutsak, hotzak. Hamar urte joan dira dagoeneko Aitor Oreja gitarristak taldea utzi eta Berri Txarrakek, laukote formatutik hirukoterako jauzia eginda, "Jaio.Musika.Hil" diskoa atera zuenetik.

Urteurren biribila aitzakia hartuta, binilozko luxuzko edizioa (gardena da diskoa) aurkezten dihardu taldeak Durangoko Azokan. Hogei urtean ondutako diskografia osoa formatu horretan merkaturatzeko urrats bat gehiago da hau, gainera, abeslariak solasaldian argitu duenez.

Urbizuren esanetan, gaur hizpide hartu duten diskoak mugarria ezarri du taldearen joanean; "Libre" "hardcorearen eta Eskandinaviako rockaren ukitua duen diskoa" egin eta gero, konposatzeko orduan "kantuak biluztera", apaingarri hutsak erantsi eta kantuaren erroak bilatzera, lerratu zen taldea "Jaio.Musika.Hil"en eta ordutik aurrerako lanetan, filosofia moduan ("Payola lana beste urrats bat da, bide horretan").

Hein handi batean, noski, orduan zenbait gitarrista Orejaren ordezko gisa probatu eta erabat aseta ez gelditu ostean hirukote formatura igarotzeak ekarri zuen aldaketa hori.

Eta pozik dago Gorka orduan hartutako erabakiarekin, nahiz eta gitarrista gisa bere burua "estutu" behar izan zuen formatu berrira egokitzeko. "Ahalegin handia eskatu zigun aldaketak: kantuak berrikasi beharra… Baina maite dut hirukote formatua. Nire gustuko talde asko dira hirukoteak: Police, Motorhead, Nirvana…", esan du.

Beste talde batzuen bidean inflexio puntua ezarri duten diskoek bezala (Metallicaren "Black Album", AC/DCren "Back in Black" edo Machine Headen "The Blackening", berbarako) azal beltza duen diskoa entzun behar izan du Urbizuk oraintsu, berrargitalpenaren kariaz, eta "gustura asko" egin duela argitu du: "Zuzenean, bertako kantu asko jotzen ditugu oraindik ere. Eta atsegin handiz egiten dugu, benetan sentitzen ditugu".

berri txarrak biniloa durangoko azoka

Berri Txarraken etorkizun hurbilari dagokionez, taldeak hamar eguneko bira bati ekingo dio ondorengo egunetan ("hamar egun, hamar kontzertu eta eztarri bat", esan du Urbizuk), eta, oraindik lantegi horretan jarri ez badira ere, kantu berriak konposatzeko gogoz direla adierazi du.

Azkenik, Durangoko Azoka honetan aurkeztuko diren lanei dagokienez, Bi Balaren lan berriak ("kontraesanera bultzatzen zaituzten hitz oso interesgarriak ditu") eta "JP Lohian & Klonen Klana" Joseba Ponceren bakarkako diskoak ("ikaragarria da berak bakarrik eginiko lana, eta entzunaldiekin hazi egiten da diskoa") bereganatu dute Urbizuren arreta.