Durangoko Azoka
50. edizioa
Nafarroako Gobernuak Durangoko Azokan parte hartuko du 15 urte geroago
eitb.eus
Foru Gobernuak erakusmahaia jarriko du, babesle publikoa izango da eta inaugurazio ekitaldian parte hartuko du.
2000. urteaz geroztik Azokan parte hartu gabe egon eta gero, Nafarroako Gobernuak Durangoko Azokan parte hartuko du aurten abenduaren 4tik 8ra, kultur topaguneak 50. edizioa beteko duen edizioan.
Aurten, Foru Gobernuak erakusleiho bat antolatuko du, eta bertaratzen diren lagunek hainbat argitalpen izango dituzte eskura, besteak beste: Javier Iturbideren Cuando las cosas hablan. La historia contada por cincuenta objetos de Navarra"; Koldo Azkuneren Garatea; Matias Mugicaren Con letra aguda y fina. Navarra en los textos de Julio Caro Baroja; Gero liburuaz Blanca Urgellek prestaturiko lana; eta hainbat egile dituen Nafarroa Julio Caro Barojaren begietan.
Horrez gain, Dori Lopez Jurio Nafarroako Gobernuko Kultur Ekintza Zerbitzuaren zuzendariak Gogoetaren Plaza mahai inguruen errenkadan parte hartuko du, abenduaren 6an, 18:00etan, "Etxea: kultur politika eta eragiletza" mahai-inguruan hain zuzen.
Azokako inaugurazio ekitaldian ere Nafarroako Gobernuko ordezkaritza egongo da, Halaber, Gobernua aurtengo edizioaren babesle publikoa ere izango da, Bizkaiko Foru Aldundi, Eusko Jaurlaritza, Durangoko Udal, Gipuzkoako Foru Aldundi, Arabako Foru Aldundi eta Espainiako Gobernuko Kultura Ministerioarekin batera.
Gerediaga Elkarteak bere poza agertu du, ohar batean, Nafarroako Gobernuak edizio honetan eskaini duen babesarekin, “azken urteetan nabarmena izan baita Azokan Nafarroako Gobernuaren hutsunea”.