Durangoko Azoka
Guneen aurkezpena
'Betea eta bizia' dator Durangoko 49. Azoka
Natxo Velez | eitb.eus
Landako Guneak abenduaren 5etik 8ra, Durangoko Azokaren kariaz, udalerrian zabalduko diren guneen aurkezpena hartu du gaur. Antolatzaileek urteroko hitzorduaren hainbat zertzelada azaldu dituzte.
Durangoko Azoka hasteko hiru aste soilik falta dira, eta antolatzaileek euskal sortzaileekiko hitzorduaren ildo batzuk azaldu dituzte gaur, prentsaurreko batean.
Berrikuntza askotxo egongo dira guneetan; Irudienean, Ahotsenean, Plateruenean, Saguganbaran, Szenatokian, Kabi@n, Azoka TBn eta Areto Nagusian.
Azken horretan, Areto Nagusian, gogoetarako leihoa zabalduko dute, sortzaileen eta industriako ordezkarien arteko solasaldiak sustatuz. Gai jakin baten inguruko ertz ezberdinak jorratuko dituzte egunero. “Euskal kulturaren plaza nagusia, euskal kulturari buruzko gogoeta gune garrantzitsu bilakatzeko erronka” beretzat hartu dute antolatzaileek, Nerea Mujika Gerediaga Elkarteko presidenteak azaldu duenez.
Saio horietan pertsona askok parte hartuko dute, hauek tartean: Fermin Muguruza, Maialen Lujanbio, Bernardo Atxaga, Lorea Agirre, Jon Sarasua, Joxean Muñoz, Jose Mari Sors, Gorka Urbizu, Laura Mintegi, Ander Lipus, Gotzon Barandiaran, Xabier Monasterio, Niko Etxart, Bea Zabalondo eta Mikel Martinez.
AzokaTB ere berrituta helduko da; izan ere, aurten telebistako plato bat edukiko du Landakon bertan, eta bertatik kontatuko dute Azokaren inguruko dena. Goizeko eta arratsaldeko magazine bana, sortzaileekin elkarrizketa saioak eta gazteentzako DJ musika saioa egongo dira tartean.
Kabi@ gunean, teknologiaren topagunean, “hezkuntza”, “sortzaileak”, “komunitatea” eta “enpresa” kontzeptuak izango dituzte ardatz, eta Saguganbarak tailer andana bat eskainiko du, familia osoarentzat, areto handian eta areto txikian.
Plateruenak gaueko kontzertu nagusiak hartuko ditu, eta aurten, besteak beste, Gatibu, Hesian, Vendetta eta Kometa igoko dira agertoki horretara.
Ahotsenea ere indartuta dago, eta inoiz baino pisu handiagoa izango du. Egun bakarrean bete zuten egitaraua, eta aurten bi karpa egongo dira. Batean 55 zuzeneko izango dira, eta bestean, 35 solasaldi.
Irudienea zineman kokatuko dute ostera ere. 35 proiekzio izango dira guztira, Xalbador filmaren Hegoaldeko estreinaldia tartean, eta, urtero bezala, Kameratoia ere egongo da: parte-hartzaileek film bat egingo beharko dute Azokan, 48 orduan.
Szenatokian, antzezlanaren arloko konpainiak zer prestatzen ari diren ikusi ahalko da, baita mahai-inguruak, antzerki-maratoiak eta Txapeldun lanaren estreinaldia (Kepa Junkera eta Organik dantza taldea).
Ikasle Eguna
Abenduaren 5eko egitarauaren zati handi bat haur eta gazteei zuzendutako eskaintzak hartuko du.
Aurten iaz baino tailer gehiago antolatu dira, eta guztira 30 saiotik gora eskainiko dira. Euskal Herri osoko eskariak jaso ondoren, 36 ikastetxetako 1.170 ikaslek parte hartuko dute tailerretan.