Durangoko Azoka
Durangoko Azoka
William Douglass: 'Euskal nortasunak etengabe berrasmatu behar du'
Natxo Velez | eitb.com
William Douglass antropologo estatubatuarrari Argizaiola saria emango diote aurten Durangoko Azokan, euskararen eta euskal kulturaren alde egindako lana aintzat hartzeko.
Urtebetetze eguna du gaur William Douglassek, eta bere bigarren etxean ospatuko du, ostiralean, hilak 6, Durangoko Azokan Argizaiola saria jasoko duela eta, Euskal Herrira etorri baita omenaldia hartu eta gurean duen lagun andanaz gozatzera. Euskadi Irratian, elkarrizketa egin diote.
Euskal Herrian euskal kultura ikertzen denbora asko eman eta gero, "etxera" etortzen dela esan du antropologo estatubatuarrak: "Lagun minak ditut berton, senitarteko gisa dauzkadanak, Etxalarren, Aulestin...".
Douglassentzat, "ohorea da" hemen egotea, eta, Argizaiola berari emanda, Renoren eta Durangoren arteko harremanean "zirkulu bat itxi da", azaldu duenez. Izan ere, Jon Bilbao haren lankideak jaso zuen lehenengoz Gerediaga elkartearen goraipamena, 1992an. "Renotik egindako lana aitortzen ari zaizkigu. Gure ekarpena egin izanak asko pozten nau", erantsi du.
Euskal Herriarekiko loturak haren bizimodua aldatu duela azaldu du Douglassek: "Familiak kasinoen negozioarekin egindako dirua jarri nuen Renoko Center for Basque Studies finantzatzeko, eta familiak ulertu egin zuen konprometituta ikusi ninduelako. Babestu egin ninduten".
Madrilen zegoela hasi zen Euskal Herrira begira, kasualitatez: "Ni Madrilera etorri nintzen, 19 urte nituela, Espainiar Literatura ikastera, baina Antropologiara mugitu nintzen, eta hor hasi nintzen euskal mundura hurbiltzen. Julio Caro Barojaren lanak irakurri nituen, eta jakin-mina piztu zitzaidan. Orduan etorri nintzen Etxalar eta Aulestira. Kasualitateen ondorioz heldu nintzen; orduan, ez nintzen konturatu nire bizimoduan horren eragin handia izango zuela mugimendu horrek".
Diasporako euskaldunen artean euskal nortasuna galtzeko arriskuan ote dagoen galdetuta, nortasun horri eusteko lana "etengabea" dela adierazi du; izan ere, horren aurkako eragin pisuzkoak daude uneoro: migrazioa... "Euskal nortasunak etengabe berrasmatu behar du bizirauteko. Proiektu bat da, beti martxan dagoena. Nork daki Euskal Herria eta euskal kultura non egongo diren datorren mendean? Denborak esango du".
Gatazka politikoa
Gatazka politikoan, ETArekin bitartekaritza lanetan aritu zen William Douglass 2003an, Henry Dunant Genevako zentroak eskatuta. Familiak "animatu" egin zuen, orduan ere. "Egia da, sakrifizio handia egin zuten. Emaztea hilzorian zegoen, minbizia zuen, eta, Genevako jendearekin lanean hastea eskatu zidatenean, ezetz esan nien. Hala ere, emazteak animatu egin ninduen, semearengana joan zen Ohiora, ni hemen nengoen bitartean".
Douglassek orduko esperientzia hizpide hartuta esan duenez, "aholkulari gisa etorri nintzen. Oso garai zaila zen, hauteskundeen atarian, Madrilen eta Gasteizen artean ez zegoen komunikaziorik... Ez zen negoziaziorako aterik erraz ikusten... Orduan, Euskal Herrira itzuli nintzen, lagunekin hitz egin nuen... eta jendea aurrerabide bat ikusteko irrikan zegoela igarri nuen, eta harremanak bideratzen saiatu nintzen, Espainiako Gobernuaren eta ETAren arteko harremanetarako bideak errazten. Azkenean, porrot egin zuen bide horrek, baina orduko ekinaldi horren bidez gaur egungo egoerari lagundu geniola pentsatzea gustatzen zait".