Itxi

Bertsolaritza

GBT24

Alaia Martinek irabazi du Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako finala

E.J.O. | EITB MEDIA

Oiartzuarrak Beñat Gaztelumendiren kontra jokatu du azken buruz burukoa. Oihana Iguaran, Ane Labaka, Aner Peritz, Nerea Elustondo, Andoni Rekondo eta Eneritz Artetxe izan dira hurrengoak sailkapenean.

  • Alaia Martin gaur, Donostiako finalean. EITB Mediaren bideo batetik hartutako irudia

    Alaia Martin gaur, Donostiako finalean. EITB Mediaren bideo batetik hartutako irudia

Alaia Martin Etxebeste oiartzuarrak irabazi du Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako finala, abenduaren 14 honetan, Donostian. Beñat Gaztelumendi Arandia donostiarra izan da bigarrena.

17:00etan hasi da zortzi bertsolariren arteko lehia, Illunben, Donostia Arenan, sarrera guztiak agortuta zirela.

Lan puntuagarriak amaituta, Alaia Martinek bildu ditu puntu gehien (1.099'5).

Honela geratu da finaleko hurrenkera:

Alaia Martin Etxebeste    ----------------------1099.50

Beñat Gaztelumendi Arandia -----------------1054.50

Oihana Iguaran Barandiaran --------637.00

Ane Labaka Mayoz -------------------626.00

Aner Peritz Manterola Euzkitze ------617.00

Nerea Elustondo Plazaola ------------590.00

Andoni Rekondo Izagirre -------------578.50

Eneritz Artetxe Eizagirre -------------574.50

Hemen kontsulta daiteke puntuazio taula osoa, ariketaz ariketa.

Bestalde, Aner Peritz izan da 25 urtez azpiko bertsolari onenaren saria jaso duena.

Iker Iriarte Iribar aritu da gai-jartzaile lanetan eta Ane Ezenarro Beristain, Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako gai-jartzaileen ordezkaria, izan da txapelduna iragartzearen arduraduna.

Sei epaile aritu dira lanean finalean: Bakarne Urreaga Etxeberria, Eneritz Azkue Basurko, Iñigo Legorburu Arregi, Karlos Ibarguren Olalde, Leire Beloki Lizarralde eta Oihana Aranguren Etxaniz. Idazkaria, berriz, Aratz Irazustabarrena Garmendia izan da.

Arantzazu Loidi plazan kantatu zuen bere belaunaldiko lehen emakumeetako bat izan zenak jantzi dio txapela Alaia Martini. Laguntasunari, lagunei eta etxekoei eskaini die Martinek azken agurreko bertsoa, "elkarrengandik gertu" egoteko mezua emanez.

EITBri emandako lehen elkarrizketan oso pozik agertu da, "oso mimatua" sentitu dela esan du, txapelketa osoan "laguntza handia" izan duela ingurukoengandik eta oso eskertuta agertu da. Hala, bere "txikitxoekin" ospatzeko deseatzen dagoela esan du.