Bertsolaritza
GBT24
Argitu da Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako finaleko zortzikotea
E.J.O. | EITB MEDIA
Oihana Iguaranek irabazi du Arrasateko finalaurrekoa eta zuzenean sartu da finalean. Aurrez, Beñat Gaztelumendik eta Alaia Martinek ere bazuten lortuta txartela. Puntuazioz, Ane Labaka, Nerea Elustondo, Eneritz Artetxe, Andoni Rekondo eta Aner Peritz 'Euzkitze'ere igaro dira finalera.
-
Oihana Iguaran Arrasaten. EITB Mediaren bideo batetik hartutako irudia
Oihana Iguaran Barandiaran villabonarrak Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako finalerako pase zuzena eskuratu du abenduaren 1ean, Arrasateko azken finalaurrekoa irabazita.
17:00etan hasi da lehia, 1.400 bertsozaleren aurrean.
Lan puntuagarriak amaituta, Iguaranek bildu ditu puntu gehien (519), eta zuzenean sailkatu da finalera. Honela geratu da sailkapena:
Oihana Iguaran Barandiaran -------------------- 519
Andoni Rekondo Izagirre ----------------------- 513,5
Maider Arregi Markuleta ------------------------ 511
Agin Laburu Rezola ----------------------------- 499
Eñaut Martikorena Lizaso------------------------ 482
Iñigo Mantzisidor Larrañaga 'Mantxi'------------ 478
Imanol Artola Arretxe izan da gai-jartzailea, eta epaile, berriz, hauek aritu dira: Bakarne Urreaga Etxeberria, Eneritz Azkue Basurko, Karlos Ibarguren Olalde, Leire Beloki Lizarralde eta Mikel Lersundi Ayestaran. Idazkari lanetan, Aratz Irazustabarrena Garmendia ibili da.
Gauzak honela, eta finalaurreko guztiak jokatuta, argitu da zein zortzi bertsolari arituko diren abenduaren 14an Donostian jokatuko den finalean, Illunben, 17:00etatik aurrera.
Beñat Gaztelumendik eta Alaia Martinek bazuten lortuta finalerako txartela, lehen bi finalaurrekoak irabaztearen ondorioz. Hiru saioak kontuan izanda, puntuazio altuenak izan dituzten hurrengo bostek ere lortu dute finalera igarotzea: Ane Labakak, Nerea Elustondok, Eneritz Artetxek, Andoni Rekondok eta Aner Peritz 'Euzkitze'k.
Sarrerak bertsosarrerak.eus atarian daude eskuragarri.
Finala ETB1en ere emitituko dugu, zuzenean.