Itxi

Bertsolaritza

Apirilak 19 – Maiatzak 2

Txapelketari begiratuko dio Bilintxen Menda bertso hamabostaldiak, Donostiatik

N. V. | EITB Media

Bertsolari txapeldunen saio batek, solasaldi batek, hitzaldi musikatu batek eta mahai inguru batek osatuko dute Bilintxen Menda hamabostaldiaren bigarren edizioaren programa.

  • Maialen Lujanbio, Andoni Egaña, Sebastian Lizaso eta Amets Arzallus txapeldunek saioa egingo dute

    Maialen Lujanbio, Andoni Egaña, Sebastian Lizaso eta Amets Arzallus txapeldunek saioa egingo dute

2021ean lehenengoz antolatu eta gero, Donostiako Udalak bigarrenez prestatu du Bilintxen Menda bertso hamabostaldia, "Donostiak historikoki bertso-plaza gisa izan duen garrantzia aldarrikatu, bertsozaleei gozatzeko paradak eskaini eta bertsogintzaren zenbait erpini buruzko gogoeta egiteko".

Bigarren edizio honen ardatza bertsolari txapelketa izango da, eta lau saio izango dira guztira, bi ordainpekoak eta beste biak doakoak.

Lehenengoa apirilaren 19an izango da, Imanol Larzabal aretoan (sarrera, 5 euro), eta Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa irabazi duten lau bertsolari batuko ditu kanturako: Sebastian Lizaso, Andoni Egaña, Amets Arzallus eta Maialen Lujanbio. Bizirik diren txapeldunen artean, Xabier Amuriza soilik izango da faltan, aspaldi utzi baitzituen plazak. 

Hamabostaldiaren hasiera indartsuaren ondoren, apirilaren 24an, Jon Sarasuak "Ego eta hego: txapelketako edukiei begiratu bat txalodependentziaren ikuspegitik" hitzaldia eskainiko du Ernest Lluch kultur etxean, 19:00 etan.

Apirilaren 28an, Antzoki Zaharrean (sarrerak, 5 euro) Bertsolari Txapelketen Antologia Kantatua hitzaldi musikatua egingo dute Beñat Gaztelumendi, Oihana Iguaran, Unai Agirre, Nerea Ibarzabal eta Aner Euzkitze bertsolariek eta Gari Otamendi eta Ixak Arrutiren muskariek.

"1935etik 1967ra bitarteko Bertsolari Txapelketa Nagusietan zeharreko bidaia bat" da ikuskizuna, antolatzaileek azaldu dutenez, "garai bakoitzean kantatzen zenaren eta gaur egun kantatuko litzatekeenaren arteko ispilu-joko bat osatuko dute parte-hartzaileek", Aizpea Goenaga aurkezle dela.  

Hamabostaldia ixteko, "Gai-jartzailetzaren bilakaera" mahai-ingurua egingo dute, maiatzaren 2an, San Telmo Museoan. Hiru belaunalditako gai-jartzaileek hartuko dute parte, Joxemari Iriondok, Laxaro Azkunek eta Maite Berriozabalek, Xabier Euzkitzek gidatutako saioan.

Ordainpeko bi ikuskizunetarako sarrerak asteartean, martxoak 26, jarriko dituzte salgai, 11:30ean.