Bertsolaritza
Bertsolari Txapelketa Nagusia
Amets Arzallusek irabazi du Bilboko finalaurrekoa
Olatz Prat | EITB Media
Bilboko Bizkaia frontoian jokatu da gaurko saioa, 3.600 bertsozaleren berotasuna lagun. Iruñean kantatuko duen zortzikoa erabakita gelditu da horrenbestez.
Amets Arzallus izan da Bertsolari Txapelketa Nagusiko zazpigarren eta azken finalaurrekoan garaile, 662 puntu lortuta.
Bilboko Bizkaia frontoian jokatu da gaurko saioa, 3.600 bertsozaleren berotasuna lagun.
Arzallusen atzetik Aitor Mendiluze izan da bigarren 661 punturekin eta Jone Uria hirugarren 637,5 punturekin. 621 puntu bilduta Joanes Illarregi zan da laugarren, 609,5 punturekin bosgarren egin du Maddalen Arzallusek, eta seigarren Saioa Alkaizak, 608,5 puntu batuta.
Idoia Anzoraindia Kareaga izan da gaur gai-emaile lanetan aritu den eta epaimahaia osatu dutenak, berriz, honakoak izan dira: Ainhoa Sarasua Lascaray, Aitor Jimenez Tolosana, Amaia Otxotorena Gamio, Iñaki Aurrekoetxea Arkotxa, Mirari Azula Aurrekoetxea, Nerea Bruño Artazkoz eta Zigor Leunda Eizmendi. Idazkari lanetan Gorka Segurola Dorronsoro eta Joxe Mari Altuna Berridi aritu dira.
Horrenbestez, erabakita gelditu da Iruñean abenduaren 18an jokatuko den Bertsolari Txapelketa Nagusiko final handiko zortzikotea:
Aitor Mendiluze Gonzalez
Alaia Martin Etxebeste
Amets Arzallus Antia
Beñat Gaztelumendi
Joanes Illarregi Marzol
Maialen Lujanbio Zugasti
Nerea Ibarzabal Salegi
Sustrai Colina Acordarrementeria