Bertsolaritza
Txapelketa Nagusia
Bertsolari Txapelketa Nagusiko finalaurrekoak Baionara iritsiko dira larunbatean
N. V. | EITB Media
Beñat Gaztelumedi, Eñaut Martikorena, Julio Soto, Nerea Ibarzabal, Sustrai Colina eta Unai Agirre bertsolariak arituko dira 17:00etatik aurrera. Zuzenean eskainiko dute eitb.eus-ek eta ETB4k.
-
Nerea Ibarzabal eta Sustrai Colina arituko dira Baionako saioan, besteak beste. Argazkia: XDZ.
Bertsolari Txapelketa Nagusia abaila bizian doa abenduaren 18an Iruñean jokatuko den finalerako bidean. Larunbatean, Txapelketak azkenaurreko geldialdia egingo du joan-etorri horretan, Lauga gelan, Baionan (17:00), finalaurrekoen bigarren itzuliko bigarren saioan. Bilboko finalaurrekoa soilik geldituko da finalean Maialen Lujanbiorekin batera zein zazpi bertsolari izango diren jakiteko.
Beñat Gaztelumendi Arandia, Eñaut Martikorena Lizaso, Julio Soto Ezkurdia, Nerea Ibarzabal Salegi, Sustrai Colina Acordarrementeria eta Unai Agirre Goia izango dira kantatuko duten sei bertsolariak, eta ariketa hauek osatu beharko dituzte.
Binaka, gaia emanda, hiruna bertso hamarreko txikian
Binaka, gaia emanda, hiruna bertso zortziko handian
Binaka, gaia emanda, hiruna bertso zortziko txikian
Ganbarako lana: banaka, lehen puntua emanda, bi bertso zortziko txikian; eta gaia emanda, hiru bertso nahi den doinu eta neurrian
Finalaurrekoen lehen itzuliko puntuazioa bigarren itzulikoarekin batu behar da sailkapena osatzeko.
Saioa zuzenean jarraitzeko aukera izango da berriz ere, eitb.eus atarian eta ETB4n zuzenean, Ilaski Serranoren eta Jon Martinen eskutik, eta ETB1en 21:00etatik aurrera.