Itxi

Bertsolaritza

Bertsolari Txapelketa Nagusia

Aitor Bizkarrak lortu du Lizarran finalaurrekoetarako zuzeneko azken txartela

O. P. | EITB Media

Lehen faseko azken saioa izan da gaurkoa, eta horrenbestez, zehaztuta gelditu da finalaurrekoetako lehen saioetan ariko direnen zerrenda. Zuzeneko txartela lortu dutenez gain, puntuazioz sailkatu diren 13 bertsolari eta duela lau urte finalista izan ziren bost bertsolari izango dira horietan.

  • Aitor Bizkarra, gaur Lizarran. Argazkia: Bertsozale Elkartea.

    Aitor Bizkarra, gaur Lizarran. Argazkia: Bertsozale Elkartea.

Aitor Bizkarra Ruiz izan da gaur garaile 693,5 puntu lortuta, Lizarrako Los Llanos aretoan jokatu den Bertsolari Txapelketa Nagusiko bertso saioan. Horrela, finalaurrekoetarako azken txartela lortu du Bizkarrak.

Haren atzetik bigarren izan da, Asier Azpiroz Iztueta (666 puntu), eta horren atzetik etorri dira Maialen Akizu Bidegain (658,5), Imanol Uria Albizuri (652), Unai Gaztelumendi Arandia (630,5) eta Iñigo Mantzizidor Larrañaga 'Mantxi' (622,5).

Lehen faseko azken saioa izan da gaurkoa, eta horrenbestez, zehaztuta gelditu dira finalaurrekoetako lehen saioak, zuzeneko txartela lortu dutenez gain, puntuazioz sailkatu diren 13 bertsolari, eta duela lau urte finalista izan ziren bost bertsolariekin batera. Egungo txapelduna, Maialen Lujanbio, zuzenean joango da finalera.

Elizondon jokatuko da finalaurrekoetako lehenengo itzuliko lehenengo saioa urriaren 22an 17:00etatik aurrera. Bertan ariko dira Alaia Martin Etxebeste (Getxon Sailkatua), Joanes Illarregi Marzol (Arrasaten sailkatua) eta Unai Agirre Goia (azken txapelketan finalista), Agin Laburu Rezola, Iñaki Apalategi Astigarraga eta Onintza Enbeita Maguregirekin batera. Amaia Castorene Luro ariko da gaiak ipintzen.

Urriaren 29an jokatuko da Donibane Garazin lehen itzuliko bigarren saioa, eta Amets Arzallus Antia (finalista 2017an), Haritz Mujika Lasa (Gasteizen sailkatua), Aitor Etxebarriazarraga Gabiola, Asier Azpiroz Iztueta, Nerea Elustondo Plazaola eta Oihana Iguaran ariko dira bertsotan, Zihara Enbeitak jarritako gaiekin.

Irunen eta Durangon jokatuko dira azaroaren 5ean eta 12an, hurrenez hurren, lehen itzuliko hirugarren eta laugarren saioak.

Irunen ariko dira Jone Uria Albizuri (Donostian sailkatua) eta Nerea Ibarzabal Salegi (Gotaine-Irabarnen sailkatua), Sustrai Colina Acordarrementeria (azken txapelketan finalista), Ane Labaka Mayoz, Maddalen Arzallus Antia eta Miren Artetxe Sarasola, Maialen Belarra Eneterreaga gai-jartzaile dela.

Durangon, berriz, Aitor Bizkarra Ruiz (Lizarran sailkatua) Aitor Mendiluze Gonzalez eta Beñat Gaztelumendi Arandia izango dira oholtzan (azken biak aurreko txapelketako finalistak), Eñaut Martikorena Lizaso, Julio Soto Ezkurdia eta Saioa Alkaiza Guallar batera. Ane Ezenarro Beristain izango da gaiak jartzen.

Gero etorriko dira bigarren itzuliko hiru saioak, azaroren 19an Amurrion, 26an Baionan eta abenduaren 3an, hortik osatuko delarik abenduaren 18an Iruñean jokatuko den Bertsolari Txapelketa Nagusiko finalaren boskotea, Maialen Lujanbiorekin batera 2022ko txapela lortzeko lehian oholtzan izango direnak.

Orain arteko sailkapenean 738 punturekin berdinduta daude Alaia Martin eta Nerea Ibarzabal. 737,5 puntu ditu Oihana Iguaranek, 706 Jone Uriak eta 695,5 Haritz Mujikak.