Itxi

Bertsolaritza

Irailaren 24tik aurrera

Hamalau saio izango ditu Bertsolari Txapelketa Nagusiak, Getxon hasi eta Iruñean bukatuta

N. V. | EITB Media

Bost urteko itxaronaldia izan da pandemiaren ondorioz, baina Bertsolari Txapelketa Nagusia irailaren 24an hasiko da. Sarrerak bihar, ekainak 23, jarriko dituzte salgai 09:00etatik aurrera.

  • 2017ko Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa. Argazkia: Gari Garaialde (XDZ)

    2017ko Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa. Argazkia: Gari Garaialde (XDZ)

Getxon, Arrasaten, Gotaine-Irabarnen, Gasteizen, Donostian, Lizarran, Elizondon, Donibane Garazin, Irunen, Durangon, Amurrion, Baionan, Bilbon eta Iruñean izango dira 2022ko Bertsolari Txapelketa Nagusiko saioak, 14 guztira, irailaren 24tik abenduaren 18ra.

Gaur aurkeztu dute Txapelketa Bilbon, Euskaltzaindiak hiri horretako Plaza Barrian duen egoitzan.

Lehen fasean, sei saio izango dira, bi saio jokatuko dira astebururo, eta zazpi finalaurreko izango dira jarraian, saio bat larunbatero. Azkenik, abenduaren 18an, finala izango da Iruñean, Nafarroa Arenan.

Sarrerak bihar, ekainak 23, jarriko dituzte salgai, www.bertsosarrerak.eus atarian, 09:00etatik aurrera. Gainera, Nafarroako Bertsozale Elkartearen egoitzan, finalerako sarrerak saltzeko leihatila zerbitzua eskainiko dute, 10:00-14:00 eta 16:00-18:00 bitarte, ekainaren 23tik 30era, asteburuan izan ezik".

Lehen faseko sarreren salneurria 12 eurokoa izango da; finalaurrekoetakoena, 17 eurokoa eta finalekoena, 42 eurokoa.

42 bertsolarik hartuko dute parte guztira, 14 gai-jartzailerekin eta 21 epailerekin batera lanean. Lehenengo fasean, 36 bertsolari izango dira, 2 Arabatik, 10 Bizkaitik, 16 Gipuzkoatik, 5 Nafarroatik eta 3 Xilabatik sailkatuak. Aurreko edizioko finalistak finalaurrekoan sartuko dira, eta txapeldunak, Maialen Lujanbiok, finalean kantatuko du.

2017ko finalean izan ziren Aitor Sarriegik eta Igor Elortzak uko egin diote txapelketan kantatzeari, eta beraien ordez ez da inor sartuko, baina Beñat Lizaso, Etxahun Lekue, Jokin Uranga, Jon Maia eta Odei Barrosoren ordez (horiek ere uko egin diote Txapelketan zegokien tokiari), Beñat Iguaranek, Haritz Mujikak, Imanol Uriak, Maialen Akizuk eta Patxi Iriartek kantatuko dute.

Gorka Pagonabarraga (Durango, 2000) izango da parte-hartzaile gazteena, eta zaharrenak Aitor Mendiluze (Andoain, 1975) eta Unai Agirre (Hernani, 1975). Hamabost bertsolari lehenengoz jardungo dira Txapelketa Nagusian; Mendiluzek eta Maialen Lujanbio txapeldunak, ostera, zazpigarrena izango dute.  

EITBn, "Hitzetik Hortzera" eta "Hitza Jolas" saioek Txapelketan gertatzen denaren berri emango dute, eta finalaurreko guztiak zuzenean emitituko dira ETB4n eta eitb.eus-en.