Bertsolaritza
BERTSOLARITZA
Amets Arzallus Antia, laugarren aldiz Iparraldeko bertsolari txapeldun
EITB MEDIA
Aurrez, 2008an, 2010ean eta 2012an eskuratu zuen txapela. 2013an, berriz, Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusia irabazi zuen.
Amets Arzallus Antia (Hendaia, 1983) gailendu da azaroaren 13 honetan Donibane Lohizuneko Kanpos Berri Jai Alain ospatu den Xilaba (Xiberoa, Lapurdi eta Baxenanarra) Ipar Euskal Herriko Bertsolari Txapelketaren finalean, 1012 puntu eskuratuta.
Laugarren aldia da Arzallusek txapelketa hau irabazten duela. Aurrez, 2008an, 2010ean eta 2012an irabazi zuen.
Miren Artetxe Sarasola (Hendaia, 1985) izan da bigarrena, 975 puntu eskuratuta.
Elkarrekin, buruz buru, jokatu dute bi bertsolariek finalaren bigarren zatia, lehengoan puntuaziorik altuena lortu ostean.
Honela geratu dira puntuazioak final honetan:
1- Amets Arzallus (1012)
2- Miren Artetxe (975)
3- Odei Barroso Gomila (586,5)
4- Maddalen Arzallus Antia (586,5)
5- Patxi Iriart Iribarren (562,5)
6- Maddi Ane Txoperena Iribarren (561,5)
2020an bertan behera gelditu ondoren, aurtengo irailaren 18an ekin zioten berriz Xilabari eta lau kanporaketa eta hiru finalerdi igaro ondoren, gaur jokatu da final handia. Aritz Bidegainek eta Amaia Castorenek egin dituzte gai-jartzaile lanak eta sei lagunek osatu dute epaimahaia.
Amets Arzallus Antiaren azken agurra:
Biriatuko mendira
Lore bat eta musu bi
Beste bat urte osoko
Bertsozale maite zuri
Muga madarikatu bat
Erantsi ziguten guri
Jendea han ibiltzen da
Itolarrian urduri
Zuriak ez baikara beltz
Beltzak ez baitira zuri
Har dezadan makila hau
Eta mugak bihurtu zubi
Bidasoak ez dezala
Beste malkorik isuri
Primaderan hiru lore
Baietz hazi Zibururi
Arzalluz, Amarauna eta Biba Zuek! saioan
Amets Arzallus Antia elkarrizketatuko dute igande eguerdian Euskadi Irratiko Amarauna saioan. Elkarrizketa zuzenean jarraitu ahal izango da 12:15ean esteka honetan.
Xilaba bertsulari txapelketako txapelduna izango da, gainera, "Biba Zuek!" saioko gonbidatu nagusia astelehenean. Bertsolaritzari buruz hizketan, euren saltsan arituko dira Maddalen Arzallus bera, irabazlearen arreba eta gaur laugarren geratu dena, eta Xabier Sukia, Xabier Amuriza ere lagun dutela.