Itxi

Bertsolaritza

Mintegia

Bertsolaritza AEBra, Maialen Lujanbioren eta Miren Artetxeren ahotik

Agentziak | Erredakzioa

Bi bertsolariek hitzaldia eta kantaldia eskainiko dute Amhersteko Unibertsitatean, Massachusettsen.

Amhersteko Unibertsitateko (Massachusetts) William Douglass Katedrako ikasleek bertsolaritzara hurbiltzeko aukera izango dute aste honetan. Maialen Lujanbio eta Miren Artetxe bertsolariak bertan izango dira, hitzaldia eta kantaldia eskaintzen, Etxepare Euskal Institutuak jakinarazi duenez.

Bi ekimenetan hartuko dute parte bertsolariek. Lehenengo saioa astearte honetan, otsailaren 6an, izango da, Ameriketako Estatu Batuetako hiri horretako Smith Poetry Center gunean, eta bertsolaritzaz hitz egingo dute, emakumeen ikuspuntutik, "Basque improvised Poetry: Politics and Poetics from a woman's point of view" izeneko hitzaldian.

Bigarren saioa, aldiz, asteazkenean izango da, otsailaren 7an, Amhersteko Unibertsitatean, eta bertsolaritza birsortzeari eta euskara berreskuratzeari buruz arituko dira, "Bertsolaritza renaissance and recovery of the Basque language" izenburupean.

Etxepare Euskal Institutuaren babesarekin antolatutako ekimenetan, inprobisazioaz hitz egingo dute Lujanbiok eta Artetxek, bai eta gizonezkoena izan den adierazpen artistiko batean emakume izatearen inguruan ere.

  • Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
  • Bertsolariak