Itxi

Bertsolaritza

V. EDIZIOA

Sustrai Colina, Xilabako txapeldun

eitb.eus

Berarekin batera Amets Arzallus sailkatu da azken buruz burukoa jokatzeko, eta amaierarako Colina gailendu zaio Arzallusi 10 puntuko aldearekin.

3:38

Sustrai Colinak jantzi du berriro Zuberoa, Lapurdi eta Behe Nafarroako Bertsulari Xapelketako txapela, buruz burukoan Amets Arzallusi irabazi ondoren. Atzetik geratu dira Maddalen Arzallus, Odei Barroso, Miren Artetxe eta Xumai Murua, hurrenez hurren.

Arratsaldeko 17:00etan igo dira oholtzara Xilaba txapelketako finalera iritsitako sei finalistak. Joana Itzaina gai-jartzaile eta Bertsularien Lagunak elkarteko lehendakariak aurkeztu dizkie gaiak, Iban Falxak saioaren hasieran ikusentzuleei harrera egin eta gero.

Mattin bertsolariari omenaldia

Panpili Trekuk eman dio makila eta jantzi dio xapela Colinari, aurtengo Xilabak omendu duen Mattin Ahetzeko bertsolariaren semeak. Urriaren 11n bete zen bertsolariaren jaiotzaren mendeurrena.

Epaile lanetan aritu dira Eneko Bidegain, Joakin Arregi, Beñat Soule, Erik Etxart, Lierni Elorza, Iban Thicoipe, Abel Zabala eta Zuhaitz Olazabal.

1.620 lagun bildu dira Baionako Lauga aretoan. ETBk eta eitb.eus-ek ere zuzenean eskaini zuten finala.

Hona hemen bertsolari bakoitzak lortutako puntuazioa:

Sustrai Colina: 1008
Amets Arzallus: 998
Maddalen Arzallus: 581
Odei Barroso: 576.5
Miren Artetxe: 571
Xumai Murua: 537,5

Txapeldunaren azken agurra:

Doinua: Martxa baten lehen notak

Hain justu Trumpek jo duenean

mailuarekin iltzea

Marien Lepenek amestu ote

du Frantzia zuritzea?

Hiztegitatik kendu ote du

Rajoyk erabakitzea?

Normala ote da poliziak

senegaldar bat hiltzea?

Neri tokatu zait muga ertzean

sortu eta handitzea,

ta ikasi dut igurtzi ezkero

deusezten dela klitxea.

Gure herri honek badaki zer den

mututuei aditzea

ta harresiak atxeman arren

zubigintzan aritzea.