Itxi

Bertsolaritza

Bardoak

Lepatanatuek 2 baztandar taldeak irabazi du Bardoak txapelketa

Erredakzioa

Lesakan egindako finalean, Lepatanatuek 2 taldekoak izan ziren nagusi, 360 lagunen aurrean.

  • Bardoak txapelketa bukatu egin da. Argazkia: Nafarroako Bertsozale Elkartea.

    Bardoak txapelketa bukatu egin da. Argazkia: Nafarroako Bertsozale Elkartea.

Bardoak Nafarroako taldekako ekimenaren bigarren edizioa bukatu da. Lesakan, 360 lagunek bete zuten herriko frontoia larunbatean, taula gainean izan ziren hiru taldeak ikusteko. Baztango Lepatanatuek 2 taldea izan da aurtengo Bardoetako irabazlea.

Hiru ziren talde finalistak, eta bederatzi bertsolari igo ziren oholtzara: Lepatanatuek 2 taldean, Xabier Maia, Oier Amiano eta Kotte Plaza; Bertze maldikoak taldean, Aimar Karrika, Ainhoa Aranburu eta Oskar Sanz de Acedo; eta Harrapazank taldean, Migel Mari Elosegi "Luze", Iñigo Ibarra eta Joanes Illarregi.

Saioko irabazlea Bardoen ekimenean parte hartu duten beste hamahiru taldeetako ordezkariek eta entzuleek erabaki dute, haien bozen bitartez. Horren arabera, Baztango "Lepatanatuek 2, txipiroien itzulera" taldea izan da Bardoak Nafarroako taldekako ekimenaren bigarren edizioko irabazlea. Alaitz Rekondo Nafarroako Bertsozale Elkarteko lehendakariak eman zien saria taldeetako kideei: zapi bana eta otar ederra.

Sari bera jaso zuten finalean aritu ziren beste bi taldeek. Saria Iñaki Murua Euskal Herriko Bertsozale Elkarteko lehendakariak eta Maider Arrieta Lesakako Kultura zinegotziak eman zieten.

Halaber, beste hainbat sari banatu zituzten Bardoen finalean: hasierako agurrik onenarena Lesakako Zortziko Haundiena taldeak eraman zuen; Bardoen talde errebelazioarena Barañaingo Miluzeko barañetak eta Barardoak taldeek; Bardoen izpirituarena, Larraungo Paalletan Mocedadesek; otordu onenarena, Baztan Malerrekako Etxeko Kontuk taldeak; eta saio onenaren antolaketarena, Etxarri Aranazko Bilixkorrikok.