Itxi

Bertsolaritza

Txapelketa Nagusiko finala

Amets Arzallus txapeldun!

Idoia Alberdi / Eider Jauregi

BEC, Barakaldo

Hendaiara  joan da txapel preziatua. Buruz burukoan indarrak Lujanbiorekin neurtu ondoren, Arzallusek irabazi du lehia, 1737,5 puntu eskuratuta. Aurreko txapeldunak, berriz, 1686,5 puntu lortu ditu.

5:05

Txapelketa hasi zenetik hitzetik hortzera zebilena bete egin da. Amets Arzallusen eta Maialen Lujanbioren artean erabaki da txapela. Buruz burukora biak iritsi dira, eta, azkenean, puntuazioan dezenteko aldearekin, hendaiarra nagusitu da. Maialenek 2009an historia egin zuen, txapela jantzi zuen lehen emakumea izan zelako, eta, oraingoan, Ametsek egin du historia, txapel handia, lehen aldiz, Iparraldera eramanda. Joanito Dorronsoro bertsozale nekaezinak eta bertsoen doinutegia lantzen hainbeste lan egin duen ataundarrak jantzi dio txapela Ametsi.

Hirugarren postua Igor Elortza durangarrarentzat izan da, duela lau urte finaletik kanpo geratu zen eta, aurten, arantza hori kentzea lortu du, saio bikaina borobilduta. Aitor Mendiluze, Aitor Sarriegi, Unai Iturriaga, Beñat Gaztelumendi eta Sustrai Colina sailkatu dira, hurrenez hurren, laugarrenetik zortzigarrenera, denak ere, saio bikaina eginda. Izan ere, gaurkoan, ezertan bat etorri badira adituak, horretan izan dira: maila oso altuko finala izan da.

Hona hemen, puntuazioa:

1. Amets Arzallus 1737,5 puntu

2. Maialen Lujanbio 1686,5 puntu

3. Igor Elortza 1164 puntu

4. Aitor Mendiluze 1155 puntu

5. Aitor Sarriegi  1106 puntu

6. Unai Iturriaga 1099 puntu

7. Beñat Gaztelumendi 1099 puntu

8. Sustrai Colina 1082,5 puntu

Hunkigarria izan da, aurtengoa ere. Lehendabiziko minututik, zortzi bertsolariak, aurkezlea aurretik zutela, BECeko erdiko pasillotik agertu diren unetik, bertsozaleen berotasuna izugarria izan da. Egun guztian zehar emozio handiko uneak bizi izan dira, baina buruz burukoan lehertu da giroa. Aurkezleak txapeldunaren izena esan duenean, berriz, BECeko goiak eta beheak ia erori dira, publikoaren burrunbarekin.

Amets oso gustura, goizeko saioarekin batez ere

Iñaki Murua Bertsozale Elkarteko lehendakariak babestuta agertu dira 2013ko Txapelketako finalean aritu diren zortzi bertsolariak kazetarien aurrera.  Amets Arzallus eta Maialen Lujanbio alde banatan zituela, "zoriontsu naiz, gozatu egin dut, sekula ez dut horrenbeste gozatu final batean", esan du Muruak. Murua erabat "asebete" du gaurko bertso lehiak eta gustura agertu da "ikusleek ere epaileen puntuaketarekin bat egin dutelako, txaloz adierazi duten bezala".

Gai- jartzaileak gogora ekarri ditu, "lan benetan bikaina" egin dutelako, eta txapelketa guztian zehar borondatez lanean aritu direnei ere esker ona adierazi nahi izan die. "Borobila atera da" esaldiarekin argi utzi du bere poza.

Euskal Herriko bertsolari txapeldun berriak Iñaki Muruaren hitzei tiraka hasi du bere lehen balorazioa: "Oso gustura geratu naiz orokorrean, eta Iñakiren hitzekin geratzen naiz batez ere: Saioa oso ona izan denaren sentsazioarekin. Nire txapelak baino askoz gehiago pozten nau jendeak inpresio hori izateak".

Goizean sekula baino lasaiago atera omen da, "tenple onean". "Final batean inoiz izan dudan sentsazio onena izan dut. Kontziente nintzen oso ondo ari nintzela eta beldur nintzen arratsaldean maila horri eusteko gai izango ote nintzen".

Arratsaldean  "pixkat apalxeago" ibili dela aitortu du, eta puntuazioarekin "dudak" zituenez, buruz burukoaren ondotik, badaezpada, irabazlearen agurra prestatzen joateko esan omen dio Maialeni.

Maialen ere, saio oso ona izan den sentsazioarekin

Txapelketa guztian lan egin dutenei eskerrak eman nahi izan dizkie Maialenek: "Lan hori gure lanarekin eskertzen saiatu gara". Txapela berresterik ez du izan, baina pozik egoteko motiboak dituela nabarmendu du, egun "zoragarria" izan delako.

Ildo berean hitz egin du Beñat Gaztelumendi gazteak ere. Lehen finala zuen eta bere "argi eta itzalekin , finalista bat gehiago" sentitu nahi zuen eta lortu egin du. Gustura geratu da egindako lanarekin eta honek ere eskerrak eman dizkie laguntzaile guztiei.

Igor Elortza ere, oso pozik geratu da egindako lanarekin. Bi finaletan egon dela nabarmendu du durangarrak, baina oraingoan, goizean goizetik sentitu du final hau oso ona izango zela, "taldean sumatutako giroagatik" eta horrela bizi izan du.

"Pribilejio" hitza erabili du, berriz, Sustrai Colinak, finalean bizitakoa azaltzeko . "Gu-aren garaiak direla" esan du eta "gogo itzela" duela berriz bueltatzeko.

Aitor Sarriegi beasaindarrak Sustrairen "pribilejio" kontzeptua errepikatu du, zer den BECen kantatzea deskribatzeko. Honek ere, goizean goizetik giro ona sumatu du eta aurreikuspenak bete egin direla harro esan du.

Aitor Mendiluze ere, "oso pozik, oso harro" agertu da 2013ko final honetan egindako lanaz. Oso gertu sentitu ditu gaurko eguna posible egin duten guztiak eta aipamen berezia egin nahi izan die "askotan, gurekin batera gehien sufritzen duten etxekoei eta lagunei".

Eta Unai Iturriagak eman dio ukitu propioa final amaierako prentsaurrekoari.  Bere azken finala izan dela esanez hasi du hizketaldia, "baina berriz ere hemen egongo naizela bermatuko balidate, ba egongo nintzateke", amaitu du esaldia. Pozik zegoen Unai eta "nire etxean nik irabazi dut" esanez amaitu du, irribarre batekin.

Muruak hartu du hitza, berriro, agerraldiari amaiera emateko, ongietorria eta agurra luzatuz mundu osotik etorri diren ikertzaileei. "Arnasa hartzeko astia badago, baina hau ez da bukatu. Lau urte barru, gehiago" esanez, amaitu du gaurko eguna.