Artea
Arte urbanoa
Donostiar artista bat eta Azagrako lan bat, munduko mural onenaren lehiaketako finalista
N. V. | EITB Media
Bi lanok Street Art Cities sarietan lehiatuko dira, eta urtarrilaren 25ean, bozketa fasea bukatutakoan, jakingo dugu saririk irabazi ote duten.
-
"A lasting place" Sebas Velascoren murala. Argazkia: Jose Delou.
Azagran margotutako mural bat Street Art Cities munduko mural onenaren saria irabazteko hautagaia da. Grafitarras Nafarroako udalerriko jaialdiaren kariaz egindako lana da finalista, fatxada batean margotutako mitxoleta bat, eta Doa Ocampo Alvarez, Doa Oa (Sober, Lugo, 1986) da horren egilea.
Grafitarra jaialdiaren sei edizio egin dituzte dagoeneko, eta emakumeek egindako kale artea bultzatzea du helburu.
Sebas Velasco
Horrez gain, Sebas Velasco donostiar artista (Burgos, 1988) ere Street Art Cities sarietako finalista da, Artist Choice atalean. "A lasting place" lan hautatua Londresen dago, Brixton auzoko Cobett Streeteko 12 zenbakiaren fatxadan.
Street Art Cities
Mural finalistak aditu talde batek aukeratzen ditu: kale artearen profesionalek, artistek, akademikoek, kazetariek… Besteak beste, horien artean daude Lars Pedersen Kopenhageko Arte Urbanoko Institutuaren burua, Amziane Abid Kale Arteko Boulogne-sur-Merreko Jaialdiaren zuzendari artistikoa, GazMac Yardworksen zuzendaria, Vans the Omega artista…
Hilero, epaimahai batek 100 laneko zerrenda bat egiten du. Muralok Instagramen zabaltzen dituzte, eta interakzio kopurua zehazten dute algoritmo baten arabera bistaratze kopurua eta botoak zenbatuta.
Azkenik, "mural ehiztarien" talde batek finalistak aukeratzen ditu.
Bozkatzeko epea urtarrilaren 25ean bukatuko da, eta orduan iragarriko dituzte lan eta artista irabazleen izenak.