Itxi

Artea

2025eko erakusketak

Gipuzkoa, totalitarismoak, floraren irudikapena eta Amazonia, San Telmo Museoaren aztergaiak 2025ean

N. V. | EITB Media

Lau erakusketa nagusiez gain, Argia dantza taldeaz eta Jazzaldiaren 60 urteko ibilbideaz gehiago jakiteko aukera ere eskainiko du datorren urtean, Donostian, "Euskal Gizartearen eta Herritarren Museoak".

  • San Telmo Museoa. Argazkia: STM.

    San Telmo Museoa. Argazkia: STM.

San Telmo Museoak 2025erako prestatu dituen erakusketak aurreratu ditu gaur, astelehenarekin, Donostian. Lau izango dira aldi baterako erakusketa nagusiak, urtarrilaren 18an hasita.

"Ipuscua 1.000 urte. Ipuscuatik Gipuzkoara 1025-2025" erakusketak lurraldearen inguruko bidaia proposatuko du, urtarrilaren 18tik maiatzaren 11ra, 1025ean lurraldea lehenengoz aipatu zutenetik gaur egunera.

Otsailaren 22tik maiatzaren 11ra, "Memoriaren Basoak" erakusketa egongo da bisitagai, eta galdera hau egingo die bisitariei, antolakuntzak azaldu duenez: "Nola egiten da, artearen ikuspegitik, gizarte kontroleko teknologien dimentsioei buruzko hausnarketaren ekarpena?".

"Lorategi bat soinean" erakusketak (maiatzak 30-irailak 28) Barrokoaren eta Ilustrazioaren artean (1700-1815) ehungintzaren alorrean sortu ziren lore motiboen bilakaera aztertuko du, baita gizakiek mundu naturalarekin zituen harremanak ere.

Azkenik, urte amaieran "Amazoniak. Antzinako etorkizuna" bildumak "Amazoniako kulturari begirada korala" eskainiko dio, museoaren arduradunen hitzetan.

Halaber, beste bilduma batzuek Argia dantza taldearen jardunaren berri eta Donostiako Jazzaldiaren 60 urteko ibilbidean zeharreko argazki bidaia egiteko aukera emango dute 2025ean.