Itxi

Artea

Agurra

Vidartek "esker onez eta kontent" utziko du Guggenheim

N. V. | EITB Media

Bilboko museoaren zuzendaritza nagusiko trantsizio prozesua "irekia eta publikoa" izango da, eta urri erdialderako bukatuta egotea da asmoa.

  • Juan Ignacio Vidarte Guggenheimeko zuzendaria, gaurko agerraldian

    Juan Ignacio Vidarte Guggenheimeko zuzendaria, gaurko agerraldian

Juan Ignacio Vidarte Guggenheim Bilbao Museoko zuzendaria prentsaurrera agertu da gaur goizean, asteartearekin, Bilboko museoko entzunaretoan, zuzendaritza uzteko erabakiaren inguruan zertzelada batzuk emateko; Vidartek atzo jakinarazi zion Fundazioko Patronatuari museoaren gidari izateari uzteko deliberoa.

Proiektuak jaso dituen "babes, errespetu eta konfiantzarekin esker onez" utziko du zuzendaritza Vidartek, eta "kontent" agertu da, halaber, "lantalde oso baten talde lanak ahalbidetu baitu duela hogeita hamar urte museoa sortu zenean ezarri ziren helburuak betetzea".

Vidartek, 1997an inauguratu zutenetik Guggenheimek izan duen zuzendari bakarrak, museoarekin lotuta jarraituko du, patronatuan funtzio "ez-exekutiboak" betetzen, eta "zuzendari emeritu" kargua izango du.  

Postua uzteko erabakia "hausnartua" dela esan du Vidartek gaurko agerraldian; 2017an hasi zen horretan pentsatzen, museoaren inaugurazioaren 20. urteurrenean, baina pandemiak atzeratu zuen, bihotzak baino gehiago ("bihotzak jarraitzeko esaten zidan"), buruak agindu dion erabakia.  

Prozesu "irekia eta publikoa"

Vidartek iragarri du museoko zuzendaritza aldatzeko prozesua "irekia eta publikoa" izango dela, eta Antonia Josten alemaniar enpresak kudeatuko duela. Hautaketa batzorde bat eratuko dute gero, erakundeen zein museoaren ordezkariek eta Vidartek berak osatua, eta horrek hartuko du azken erabakia.

Hautaketa prozesua ekainaren 3an abiatuko da, eta hainbat hilabete iraungo du. Asmoa da hautagaia edo hautagaiak urri erdialderako aurkeztea hautaketa batzordeari.

Vidarteren hitzetan, "kualifikazio handiko pertsona bat" bilatuko dute, "maila altuko ibilbide profesional egonkorra duena eta Guggenheimen buruan 10 edo 15 urte egiteko ahalmena izango duena".  

Museoko zuzendariaren esanetan, "garrantzitsua" izango da bere ondorengoak euskaraz jakitea, "baina ez ezinbestekoa", eta ez da erabakigarria izango ez pertsona horren generoa ("ez dago plan zehatzik nire ondorengoa emakumea izateko", adierazi du) ezta museoa Urdaibaira zabaltzeko proiektuaren aurrean ("indarrean dagoen egitasmoa da, baina erakundeen arteko adostasunik ezak dio aurrera egitea ahalbidetzen", esan du) duen jarrera ere.