Itxi

Artea

Programazioa

Refik Anadol, Tarsila do Amaral, Maria Helena Vieira da Silva eta Barbara Kruger, Guggenheimen 2025ean

N. V. | EITB Media

Museoaren patronatuak datorren urteko programazioaren aurrerapena onartu zuen; Hungariako Arte Eder Museo/Galeria Nazionaletik ekarritako grabatu eta irudiak ere erakutsiko dituzte, eta "in situ" proiektua hasiko da, museoaren espazioetarako propio sortutako artelanen zikloa.

  • "Izenburu gabea", Maria Helena Vieira da Silva. Portugaldar pintorearen atzera begirakoa, 2025ean

    "Izenburu gabea", Maria Helena Vieira da Silva. Portugaldar pintorearen atzera begirakoa, 2025ean

Guggenheim Bilbao Museoko arduradun artistikoek museoak 2025ean hartuko dituen erakusketen aurrerapena egin zioten atzo museoaren fundazioaren patronatuari, erakunde horrek egindako bileran.

Datorren urtean, atzera begirako erakusketak eskainiko dizkiete bi artistari: Tarsila do Amaral, Brasilgo modernitatearen funtsezko figura, eta Maria Helena Vieira da Silva portugaldarra, figurazioaren eta abstrakzioaren erdibidean mugitu zen artista.

Gainera, Barbara Krugerren oraintsuko lanari eskainitako erakusketa ere izango da, udaldiko bisitariak testuez beteriko inguruneetan murgilduko dituena, atzo aurreratu zutenez. Halaber, Hungariako Arte Eder Museo/Galeria Nazionaletik datozen marrazki eta grabatuen sorta zabal bat aurkeztuko dute museoan, "gizakiaren adierazpide gisa marrazkiak betetzen duen zeregina nabarmentzen duena".

ZUGAN PENTSATZEN, ZERA, NIGAN, ZERA, ZUGAN  Argazkia: © Museum Associates/LACMA Barbara Kruger

ZUGAN PENTSATZEN, ZERA, NIGAN, ZERA, ZUGAN (Barba Kruger) Argazkia: © Museum Associates/LACMA

Azkenik, "Lurraren arteak" erakusketa jarriko dute ikusgai: "Azken hamarkadetan ingurumena gaitzat hartuta garatu den artearen irakurketa berri bat planteatuko du", museoko arduradunen hitzetan.

"in situ"

Horrez gain, 2025ean "in situ" proiektua hasiko da, museoaren espazioetarako propio sortutako artelanen zikloa; batzuek museoaren arkitektura "aktibatuko" dute, eta beste batzuk, berriz, harmonian elkartuko zaizkio eraikinari. Refik Anadolen "murgiltze-artelan multisentsorial batek" abiatuko du zikloa, eta Mark Leckeyk ere hartuko du parte programan.