Itxi

Artea

Heriotza

Vicente Larrea eskultorea zendu da

Agentziak | EITB Media

Aita eta aitona eskultoreak zituen Larreak, eta metalezko haren obra abstraktu ugari ditugu gure kaleetan ikusgai.

  • Vicente Larrea, 2022an egin zioten omenaldi batean

    Vicente Larrea, 2022an egin zioten omenaldi batean

Vicente Larrea eskultorea (Bilbo, 1934-2024) atzo, asteazkenarekin, hil zen, Arte Ederren Bilboko Museoak iragarri duenez.

Larrearen aita-aitonak ere izan ziren eskultoreak, eta Bilbon zuen tailerra. Han sortu zituen gure kaleetako hainbat espazio publikotan, batik bat Bilbon, kokatuta dauden metalezko obra abstraktuak.

Bizkaiko hiriburuan, haren lanak ikusgai daude Euskalduna jauregiaren kanpoaldean, Espainiako Gobernuaren Ordezkariordetzaren kanpoaldean, Kale Nagusian, Miribillan, Ametzolan eta Zorrotzaurren, baita Arte Ederren Bilboko Museoan ere. 

Ezagunak dira, halaber, Loiuko aireporturako bidean paratutako eskultura, Galdakaon jarritakoa, Artium Gasteizko museoaren kanpoaldekoa eta Iruñeko Ziutadelakoa.

1994an, Rekalde Bizkaiko Aldundiaren aretoak atzera begirako erakusketa bat eskaini zion.

Arte Ederren Bilboko Museoak "biziki" sentitzen du eskultorearen heriotza. "Euskal kulturarekin eta gure museoarekin konprometitutako artista belaunaldi batekoa izan zen. Mugimendu informalistari lotuta, jatorrizko formei berezko energia eta adierazpena ematen jakin zuen", gehitu dute.