Itxi

Artea

Mendeurrena

Nestor Basterretxearen "arrasto handiko bizi eta arte ondarea" ospatuko dute, haren jaiotzaren mendeurrenean

N. V. | EITB Medi

20 kultur erakunde eta entitate baino gehiago elkartu dira 2024an eta 2025ean artistaren ekarpen eskerga ospatzeko: erakusketak, ikus-entzunezko programak, kultura eta argitalpen jarduerak…

  • Argazkia, Basterretxea Irurzun familiaren adeitasunez

    Argazkia, Basterretxea Irurzun familiaren adeitasunez

20 kultur erakunde eta entitate baino gehiago batu dira, Eusko Jaurlaritzak koordinatuta, Nestor Basterretxearen, XX. mendeko euskal artista funtsezkoetako baten, ondarearen "zabaltasuna eta sakontasuna" ospatzeko eta zabaltzeko, nola artearen ikuspegitik hala "haren konpromiso sozialaren eta Euskal Herriko iruditeria kolektiboari egin dion eta oraindik bizi-bizirik dagoen ekarpenaren aldetik".

Maiatzaren 6an beteko dira 100 urte Nestor Basterretxea (Bermeo, 1924-Hondarribia, 2014) jaio zela, eta hogei kultur erakundek baino gehiago egin dute bat, Bermeon jaiotako artistak arte plastikoetan, diseinuan, arkitekturan, zinematografian eta euskal kulturaren bultzadan egindako lana aintzat hartzeko. Besteak beste, erakusketa, ikus-entzunezko programa eta kultura zein argitalpen jarduerak antolatu dituzte, helburu horrekin, 2024 eta 2025erako.

Egitaraua otsailaren 28an hasiko da Bilboko Arte Ederren Museoan, Néstor Basterretxea. Diseinua eta arkitektura erakusketaren inaugurazioarekin. Apirilean, Irungo Menchu Gal aretoak Basterretxea Irunen (1957-1975) erakusketa aurkeztuko du, Basterretxearen ekoizpen artistiko esperimentalenean oinarritua.

Bestalde, maiatzaren 10etik aurrera, Artium museoak artistaren ekoizpen zinematografikoan sakonduko du ikuspegi dokumental batetik. Gainera, artistaren Euskal serie kosmogoniko garrantzitsua Gasteizko Montehermoso Kulturunean egongo da ikusgai ekainaren 27tik aurrera.

Azaroan, Durangoko Arte eta Historia Museoak Néstor Basterretxea, diseinatzaile grafikoa eta ilustratzailea erakusketa eskainiko dio, eta Donostiako San Telmo Museoak, berriz, Bilduma baten loturak: Néstor Basterretxea eta San Telmo Museoa.

Argazkia, Basterretxea Irurzun familiaren adeitasunez

Argazkia, Basterretxea Irurzun familiaren adeitasunez

2025ean sartuta, Museum Cemento Rezolak erakusketa bat aurkeztuko du artistaren irudiaren inguruan. Nestor Basterretxeak zinemaren munduan egin duen lana eta harekiko etengabeko harremana, bere ikus-entzunezko ekoizpena barne, luze eta zabal aztertuko dira Euskadiko Filmategiak, Elías Querejeta Zine-Eskolak eta Donostiako Nazioarteko Zinemaldiak antolatutako programetan.

Iruñeko Punto de Vista Jaialdiak eta Jorge Oteiza Museoak elkarlanean prestatuko dute Nestor Basterretxea eta irudia ikus-entzunezko programa, martxoaren 16an museoan proiektatuko dena, eta Tabakalera Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroak artistaren filmografia osoa proiektatuko du udazkenean garatuko den zinema ziklo batean.

Bestalde, Eusko Legebiltzarrak 2024an zehar Haritz enblematiko bi mendeurren baterako:«Izaro» eta «Gernikako Arbolari omenaldia» jarduera-programa eskainiko du.

Udazkenean orobat, Elgoibarko Makina-Erremintaren Museoak Makinari begira gu eta makinaren begitik gu izeneko sorkuntza lantegiak sustatuko ditu, eta Operación H (1963). Industria artea Basterretxearen begiradan proiekzio eta solasaldia.

Era berean, Bermeo, Hondarribia eta Asparrenako udalek bat egingo dute mendeurrenarekin, artistaren ibilbideari buruzko kultur aste batekin, jardueren agenda zabal batekin eta Néstor Lagun artean programarekin.

Basterretxearen mendeurrenari eskainitako webgunea lehen erakusketarekin batera jarriko da abian.