Itxi

Artea

Jaiotzaren mendeurrena

Chillida: obra agorrezin baten lagin batzuk

Natxo Velez | EITB Media

100 urte dira Eduardo Chillida donostiar eskultorea, XX. mendeko euskal artearen protagonista nagusietako bat, jaio zela. Haren obraren zertzelada batzuk bildu ditugu.

0:43
Eduardo Chillida

Pintura, collagea, marrazkia, eskultura –jakina–, grabatua… Obra oparoa eta berealdiko itzala utzi zituen Eduardo Chillida artistak (Donostia, 1924ko urtarrilak 10 - Donostia, 2002ko abuztuak 19), XX. mendeko euskal artearen izen handietako batek.

Ezagun-ezaguna da bere obra, nola mundu zabaleko hirietan ikusgai den eskultura publikoa hala nonahiko museoetan erakusgai izan diren, badiren eta izango diren lanak, eta adituek ertz askotatik hartu dute hizpide Chillida zenaren lana, tartean Peter Selzek, James Johnson Sweeneyk, Martin Heideggerrek, Emil Cioranek eta Octavio Pazek.

Idatzi honetan, obra zabal horren hainbat lagin bildu ditugu.

Arantzazuko basilikako Ateak (Oñati)

Kamahele, CC BY-SA 3.0 DE

Argazkia: Kamahele, CC BY-SA 3.0 DE

1954an, Arantzazuko basilika berriko Ateak sortu zituen Chillidak, Paristik Euskal Herrira bueltan burdina lantzen hasi eta hiru urtera. Ilarik burdinazko eskultura izan zen, 1951n, bere lehen lan abstraktua, figurazioa alboratutakoan egin zuen lehena.

Santutegiko tenplura sartzeko lau ateak landu gabeko burdinaz egin zituen, eta collage metalikoa osatzen dute, txapak elkarren gainean jarrita egin baitzituen. Txatarra eta industria hondakinak erabili zituen lan horretarako, frantziskotarren soiltasunaren azpimarragarri.

Chillidarekin batera, Jorge Oteiza, Nestor Basterretxea, Lucio Muñoz eta Javier Alvarez de Eulate aritu ziren Arantzazuko basilika lantzen.

Haizearen Orrazia XV (Donostia)

Chillidaren lan ikonikoenetako bat ez ezik, Gipuzkoako hiriburuaren ikur ere bada dagoeneko Haizearen Orrazia (23 laneko serie osoaren izena jaso du ale honek, metonimiaz).

Ondarretako hondartzaren ezker hegian dago bederatzina tonako altzairuzko hiru piezak osatzen duten multzoa, eta Luis Peña Ganchegui euskal arkitektoak diseinatutako espazioa biribiltzen du.

Chillida, 'Haizearen Orrazia'ren aurrean

Chillida, 'Haizearen Orrazia'ren aurrean

1977ko irailaren 3an inauguratu zuten.  

EHUren ikurra

Euskal Herriko Unibertsitatea (EHU) 1980an sortu zuten, eta Chillidaren ikur bat eta Iparragirreren bertso bat ("eman ta zabal zazu") aukeratu zituzten ikasketa zentro hasiberria aurkezteko.

EHUren ikurra

EHUren ikurra

Lemoizko zentral nuklearraren aurkako eta amnistiaren aldeko mugimenduen ikurrak ere diseinatu zituen donostiar artistak. Hain zuzen ere, Artium museoak eskultorearen arlo horri begiratuko dio aurten, Chillida. Erabilera aplikatuak azaroaren 15etik aurrera hartuko duen erakusketan.

Gernika eta Berlin, obra publikoaren erakusgarri

Arte publikoa da, agian, Eduardo Chillidaren obraren atal ugari eta ezagunena, Haizearen Orraziak berak agerian uzten duenez. Artea eta espazio publikoa elkarrizketan jarri ohi zituen Chillidak sarritan, askotan bolumen handiko piezak erabiliz.

Washington, Doha, Gijón, Loiu, Grenoble, Bartzelona, Helsinki, Donostia bera… Mundu osoko kaleetan aurki ditzakegu horrelako adibideak, baina biri begiratuko diegu orain: Gure aitaren etxea Gernikan ezarritako eskultura eta Berlin Alemaniako hiriburuan paratutakoa.

Gure aitaren etxea 1988an ezarri zuten Gernikan, Europako Herrien Parkean, Eusko Jaurlaritzaren eskariz, Bizkaiko herriaren aurkako bonbardaketaren 50. urteurrena gogoratzeko eta "bakeari eta tolerantziari gorazarre egiteko".

Berlin (2000) da Chillidaren obra publiko emankorraren beste adibide bat. 6 x 6 metroko altzairuzko lanak 90 tonako pisua du, eta Alemaniako Kantzilertzaren egoitzan dago, Alemaniako hiriburuan. Elkarrekin lotzekotan diren bi beso erakusten ditu, 1990ean bat egin zuten bi Alemaniak.  

Chillida Leku (Hernani)

"Egun batean, utopia batekin egin nuen amets: nire eskulturak finkatzeko leku bat nahi nuen, jendeak eskultura horien artean ibiltzeko aukera izan zezan, baso batean bezala". Chillidaren behinolako adierazpen horiek Hernaniko Zabalaga baserrian gorpuztu ziren, 2000. urteko irailean Chillida Leku museoa inauguratu zutenean bertan.

Chillida Leku

Chillida Leku

Gorabehera ekonomiko eta estilistikoak tarteko 2010ean museoa itxi eta bederatzi urtez zarratuta egon eta gero, 2019an biziberritu zuten Chillidaren ametsa, eta publikoarentzat bisitagarri jarri zuten ostera ere, Hauser & Wirth suitzar galeriaren eskutik.

Chillidaren denetariko 40 lan baino gehiago biltzen ditu Chillida Lekuk, "ingurumenarekin elkarrizketan", eta beste artista batzuen behin-behineko erakusketak zein bestelako jarduerak ere hartzen ditu espazioak.