Artea
Bizkaia
Ireki dute Omako baso berria
eitb media
Agustin Ibarrolaren lana oinarri duen aire libreko artelana ondoko pinudi batean margotu dute, Kortezubin bertan. Bisitak egin ahal izateko erreserba egin behar da aurrez.
Ikusgai dago jada Agustin Ibarrola pintore eta eskultore basauriarraren lana oinarri duen Omako baso berria; Ibarrolak berak margotutako zuhaitzekin egindako aire libreko artelanaren jarraipena, lekualdatuta.
Aldundiak jakinarazi duenez, arte garaikidean eta baso-artean adituak diren pertsona talde baten babesarekin lortu da kokapen berrira lekualdatzeko babesa, eta emaitza Omako baso jasangarriagoa, osoagoa eta artistaren ideiarekin leialagoa omen da.
Kortezubin bertan dago "museo" berria, hau da, Omako basoaren ondoan, baina, orain arte ez bezala, aurrerantzean aurrez erreserbak egin beharko dira bisitatu ahal izateko (bizkaia.eus/eu/omako-basoa).
Santimamiñeko arreta-gunean baliozkotu behar da sarrera, erreserbatutako ordua baino ordubete lehenago, handik basoraino 50 bat minutuko distantzia baitago oinez. Santimamiñeko aparkalekuaren mugak aintzat hartuta, azarotik aurrera autobusak jarriko dituzte Gernika-Lumoko autobus geltokitik Santimamiñera iristeko.
Bisita gidatuak larunbatetan izango dira, 11:00etan gaztelaniaz eta 12:30ean euskaraz, eta 10 euroko kostua izango dute. Hala ere, larunbata ez diren data seinalatu batzuetan ere eskainiko dira bisita gidatuak.