Itxi

Artea

Agustin Ibarrolaren lana

Omako Baso berrituak 700 zuhaitz hartuko ditu, eta 2023ko irailean egongo da amaituta

N. V. | EITB Media

Agustin Ibarrolaren sormen lana uztailaren 25ean irekiko dute bertan lanean ari direla oraindik ere, eta bisita gidatuak aurrez erreserbatzen dituztenekin bakarrik egingo dira.

  • Omako Basoa atontzeko lanak. Argazkia: Bizkaiko Foru Aldundia.

    Omako Basoa atontzeko lanak. Argazkia: Bizkaiko Foru Aldundia.

Omako Basoa Agustin Ibarrolak osatutako artelana atontzeko proiektua 2023ko irailean egongo da burututa, eta 700 zuhaitz hartuko ditu orduan, 33 multzotan banatuta. Artelana berritzeko lan horiek, baina, bi fasetan egingo dira: lehena 2022ko ekainaren amaieran hasi eta urrian amaituko da, eta 14 zuhaitz multzo lekualdatuko dituzte; bigarrena 2023ko maiatzetik irailera bitartean da gauzatzekoa, eta gainerako 19 multzoak lekualdatuko dituzte orduan 33 multzoko obra osatu arte.

Zuhaitz multzo gutxiago egongo dira, beraz, Omako Baso berrituan, lehen 47 baitzeuden, baina zuhaitz kopurua handitu egingo da orotara, multzo horietako batzuk jatorrian baino handiagoak izango baitira, "artistaren jatorrizko asmoari jarraituta", gaur Bizkaiko Aldundiak proiektuaren berri emateko antolatu duen prentsaurrekoan azaldu dutenez.

Lorea Bilbao Bizkaiko Kultura diputatuaren esanetan, "arazoa zegoen tokian, irtenbide berritzaile bat" aurkitu du Aldundiak aditu taldeen aholkularitzapean, eta "aukera baliatu da hainbat alderditan jarduteko, hala nola basoaren iraunkortasuna bermatuko duten kudeaketan eta mantentze lanetan; irisgarritasun fisikoan zein konektibitate hobearen bidez; hedapenari dagokionez ere; bisita gidatuak sartzean eta eduki berriak idaztean; edo larrialdiak kudeatzean, milaka bisitari hartzeko aukera emango duen espazioan".

Bi fase

Proiektua bi fasetan gauzatuko dute, 2022ko eta 2023ko udetan, eta bisita gidatuak egin ahalko dira uztailaren 25etik aurrera, beharginak ingurua atontzen ari diren bitartean.

Margotze prozesuan pintura ez kaltegarria erabiltzen ari da, Aldundiak azaldu duenez, eta kilometro batetik gorako ibilbidea prestatuko dute.

Bizkaiko Foru Aldundiaren proiektua gauzatzeko, diziplina anitzeko lantalde bat osatu dute, Fernando Bazetak gidatuta eta Ibarrola familiaren laguntzarekin: bi artista plastiko; zaharberritze arloko hiru aditu; Euskal Arte Garaikideko EHUko espezialista bat; EHUko arkitekto bat eta Xortu enpresako bi arkitekto espezialista; EHUko Kontserbazio eta Zaharberritze Graduko bi ikasle; eta Basalan foru enpresako basogintzako aditu batzuk.

Bisitak

Omako Basoa bisitarientzat itxita egongo da uztailaren 25era arte, eta, egun horretatik aurrera, bisita gidatuak bakarrik egingo dira. Aurrez erreserbatu beharko dira horiek, 94 465 16 57 telefono zenbakira deituta.

Bisitariek jada margotuta dauden hainbat multzo ikusiko dituzte, eta beste multzo batzuk margotzeko prozesuaren lekuko izango dira. Egunean bi bisita antolatuko dira astelehenetik igandera, goizez, 10:30ean eta 12:30ean, irailaren 11ra arte.