Itxi

Artea

Oteiza

D'Museoak ez du zalantzarik "Oteiza Argentinan" erakusketako obren egiazkotasunaren eta egiletzaren inguruan

N. V. | EITB Media

Donostiako Santa Marta Museoak "Oteiza Argentinan" erakusketako 16 obren benetakotasuna aldarrikatu du, eta "ausartegia" iritzi dio Oteiza Fundazioak berorien egiletza Jorge Oteizari ez dagokiola esan izanari.

  • Ekainaren 15ean ireki zuten "Oteiza Argentinan" erakusketa D'Museoan

    Ekainaren 15ean ireki zuten "Oteiza Argentinan" erakusketa D'Museoan

Donostiako D'Museoak ohar bat zabaldu du, Jorge Oteiza Fundazio Museoak egindako salaketei erantzuteko, erakunde horrek idatzi batean adierazi eta gero "Oteiza Argentinan, Dieciseís obras de Jorge Oteiza" Donostiako museoan ikusgai dagoen erakusketako 16 lanak ez direla Jorge Oteizarenak "piezok sakon aztertu ondoren eta bere jakintza eta adimen zintzoaren arabera".

D'Museoaren hitzetan, salaketa horiek "arbitrarioak, funsgabeak eta oso kaltegarriak dira erakunde honen eta erakundearen zuzendariaren ohore eta izen onarentzat, eta erakunde honi konpondu ezinezko kalteak eragiteko berariazko borondate ulertezin batetik bakarrik uler daitezke".

Elizbarrutiko museoaren idatziak dioenez, Oteiza Fundazioak eta Bilboko Arte Ederren Museoak "hemen erakusgai jarritako obretako zenbaiten existentziaren berri" izan zuten, eta, beraiek dakitenez, Oteiza Fundazioa ez da D´Museora bertaratu Oteizari egotzitako piezen azterketa zehatzik egiteko.

Halaber, argitaragabeak izatearekin arrazoitu dute obrok ez agertzea Jorge Oteizaren eskultura obraren Katalogo Arrazoituan.

Donostiako museoaren ustez, "ez dago zalantzarik erakusgai jarritako obren egiazkotasunaren eta egiletzaren inguruan", eta "bidezkoak ziren egiaztapen, azterlan eta eginbide guztiak" egin dituzte erakusketa programatu eta diseinatu baino lehen.

Amaitzeko, Donostiako museoak hau aurreratu du: "Gure eskubide legitimoak, gure ohorea eta gure izen ona defendatzeko, eta, hala badagokio, eragin litezkeen kalteak ordainarazteko, bidezko diren bitartekoak erabiliko ditugu".