Itxi

Artea

Maiatzak 21 - azaroak 1

Chillida Lekuk Joan Miroren lanak erakutsiko ditu

N. V. | EITB Media

"Miró Zabalagan" erakusketak Zabalaga baserriko lehen solairua hartuko du nagusiki, eta maiatzaren 21etik azaroaren 1era egongo da ikusgai.

  • "Miró Zabalagan" erakusketa azaroaren 1era ikusi ahalko da. Argazkia: Álex Abril.

    "Miró Zabalagan" erakusketa azaroaren 1era ikusi ahalko da. Argazkia: Álex Abril.

Larunbatean, maiatzak 21, Chillida Lekuk Miró Zabalagan erakusketa irekiko du, "Joan Miroren eta Eduardo Chillidarekin izan zuen adiskidetasunaren aldeko omenaldi gisa pentsatuta".

Batez ere Zabalaga baserriko lehen solairuan paratuko dute erakusketa. Artistarengan ohikoak diren gaiak jorratzen dituzten eskulturak, marrazkiak eta grabatuak jarriko dituzte ikusgai, tartean Oiseau solaire, Pájaro solar (1946-1949) eta Femme, Mujer obra ezagunak.

"Museoan Miró eta Eduardo Chillidaren lanak batzeak testuinguru bikaina sortzen du bi artiston arteko harreman aberasgarria sustatzeko, bion lana hainbat ikuspuntutatik gerturatzeko aukera", azaldu du Mireia Massagué Chillida Lekuren zuzendariak.

Proposamenaren osagarri, ikastaro eta jarduera programa zabala prestatu dute museoaren arduradunek, besteak beste "Musika Mirorentzat: Alain Planesek Joanentzat joko du" kontzertua. Frantses pianistak emanaldia egingo du ekainaren 11n, Zabalaga baserrian.

Chillida Lekuk 2021ean Tàpies Zabalagan erakusketarekin abiatutako bidearen bigarren geldialdia da erakusketa hau. Eduardo Chillidaren garaikideak izan ziren artista handien erakusketak antolatzean eta horien bidez Chillidaren obraren gaineko ikuspegia zabaltzean datza ekimen hori.