Artea
Patronatuaren bilera
Autoen garrantzia artean, Jean Dubuffet, eta Serra eta Seurat, Guggenheimen 25. urteurrena ospatzeko
EITB Media
Guggenheim Bilbao Museoaren Fundazioaren Patronatuak bilera egin du gaur Bilbon, Iñigo Urkullu lehendakaria buru zela. 30.208.828 euroko aurrekontua izango du museoak 25 urte beteko dituen urtean.
-
Guggenheim museoak 25 urte beteko ditu 2022an. Argazkia: Efe.
Guggenheim Bilbao Museoaren Fundazioaren Patronatuak bilera egin du gaur Iñigo Urkullu lehendakaria buru zela. Han izan dira Unai Rementeria Bizkaiko ahaldun nagusia, Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburua, Lorea Bilbao Bizkaiko Kultura diputatua, Juan Mari Aburto Bilboko alkatea eta New Yorkeko eta Bilboko Guggenheim museoen zuzendariak, Richard Armstrong (modu telematikoan) eta Juan Ignacio Vidarte.
Lehenik eta behin, urteko jardueraren balantzea egin dute: gaur arte, 506.174 bisitari jaso ditu museoak 2021ean. Azken seihilekoan batez ere, gora egin du apurka atzerritik etorritakoen kopuruak, eta bisitarien % 43 izan dira azkenean.
Aurtengo aurrekontuari dagokionez, 30.208.828 eurokoa izango da, pandemiaren aurretik onartu zen azken aurrekontuaren antzekoa. Museoaren ordutegia orain artekoa bezalakoa izango da, 11:00etatik 19:00etara, eta museoa ordubete lehenago irekiko da joan-etorri gehineko egunetan, 10:00etatik 19:00etara.
Programazioa
2022rako programazio artistikoa ere onartu dute bilkuran. Otsailean, fauvismoko, kubismoko, Parisko Eskolako eta surrealismoko zenbait maisulanen hautaketa bat izango da ikusgai, Parisko Musée d'Art Modernetik ekarritakoa, eta, ondoren, Jean Dubuffet artistaren lanen bilduma bat izango da ikusgai.
Apirilean, "Motion. Autos, Art, Architecture" erakustaldiaren txanda izango da: Norman Foster arkitekto britainiarrak taxututako erakusketak aztergai izango du joan den mendeko artearen historian eta diseinuaren arloan automobilak izandako garrantzia.
Uda hasieran, "Serra/Seurat. Marrazkiak" iritsiko da, eta marrazkigintzak bi sortzaile gailen horien lanean izandako garrantzia azpimarratuko du.
25. urteurrena
Udaren ostean, "Sekzioak / Intersekzioak. Guggenheim Bilbao Museoaren Bildumak 25 urte" erakusketak museo osoa hartuko du, bertatik azaldu dutenez. Erakusketa horrez gain, beste hainbat ekitaldi egingo dituzte urte osoan zehar, mende laurdena ospatzeko.